Tomas Sobrinoren “Zero puntua” erakusketa abuztuaren 30a arte Arizkunenean

ttipi-ttapa 2009ko abu. 4a, 17:14
Tomas Sobrinoren "Hamar enbor". TTIPI TTAPA

Arizkunenean, “Zero puntua” izenburupean, Tomas Sobrino margolariak aurtengo udarako prestatu duen bilduma berria aurkeztu du. Erakusketa aberats hau osatzeko iturri anitzetatik edan du artistak eta formatu aldetik ere aniztasuna da nagusi, batera bildu baititu olio-pinturak, ohol gaineko argazki serie bat eta baita formatu audiobisualean jasota dagoen argazki segida bat ere, arbolen enborretan oinarrituta dagoena. Zinez harrigarria. Artistak bere mundu propioan sartzeko gonbidapena luzatzen digu eta José Angel Valenteren hitzez baliatzen da ongi etorria egiteko, “Ez alferrik” olerki motz, baina iradokitzaileaz, hain zuzen ere: “Sua istant bakar batez eraman izanak itxaropenari ateak irekitzen dizkio. Gure ametsetatik haratago goibelen gisara elkartzen baitira hitzak, beraien jabe ez garen arren, eta goibelen pare lurrera bultzatzen ditu haizeak aldatu dezaten, eta ez alferrik, Mundua”.

"Paleta aberatsa"

Itsas pintura bare eta gardenak, Biarritzeko hondartzetan inspiratuak, udazkeneko goizalde argitsuak harrapatzen dituzten paisaiak, Baztango udaberriko iluntze sutsuak edo arbolen enborren irudi harrigarriak dira, bertzeak bertze, artista honen sormenaren erakusgarri. Sortzeko grina berezkoa du, naturala, eta horren bitartez jolas baten gisan garamatza figuraziotik abstrakziora, arrazoietik emozioetara eta alderantziz, beti ere naturaren eta naturako elementuen eskutik. Erakusketa honen bitartez, preziski, jolas intimo eta pertsonal horretan parte hartzera gonbidatzen gaitu Sobrinok. Ibilbide intimo eta pertsonala da erakusketa bera, Baztango paisaia erreferentzia gisa hartzen du, urtean zehar dituen aldaketa guztiak bilduz, eta “zero puntu” horretatik hasita gorantzako bidean garamatza, ukiezina dirudien puntu batera ailegatu arte. Bertan bat egiten dute zeru eta lurrak, itsas pintura leun eta xaloek islatzen duten bezala. Erabateko askatasuna nagusi den inguru emankor horretatik berriro bueltatzen gaitu artistak hasmentara, lurraren eta suaren artera, trazu sendo eta indartsuen bitartez, oraingoan argazki moduan, naturaren indarra erakusteko. Arbolen enborren kolore gorri biziak bisitariaren arreta guztia bereganatzen du, argazki bildumaren originaltasun eta edertasun plastikoa dela eta. Javier Manzanos Garayoaren hitzetan “Bere paleta aberatsean gai da batera biltzeko bai naturan aurkitzen dituen aldaketa kromatiko guztiak, kolore ilunetatik hasi eta argietaraino, bai landaretza enpastatuak, egituran aberatsak direnak, eta baita hosto batek fintasun osoz marrazten duen banakako keinua ere. Baina, aldi berean, jario handiko pintura da, uraren eta atmosferen jario berbera duena.” Inaugurazioa pasa den uztailaren 23an izan zen Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko lehenbiziko solairuan eta arras harrera ona izan zuen. Guztira 200 pertsona baino gehiago bertaratu ziren, horien artean Bidasoako margolariak (Apezetxea, Marin...), lagunak eta ezagun franko.

Ordutegia

Ordutegia: uztailaren 23tik abuztuaren 30era Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, astelehenetik ortziralera 18:00etatik 21:00etara; larunbat eta besta egunetan 11:30etatik 13:30etara eta 18:00etatik 21:00etara. Sarrera dohainik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun