Arraioz A taldeak 9-2 irabazi zion Oitz A taldeari laxoa txapelketako finalean

Utzitako argazkiak 2009ko abu. 3a, 11:55
Arraiozko txapeldunak, Elixabet Santesteban Baztango kirol teknikaria eta Sotero Etxandi Arraiozko alkatearekin batera. TTIPI TTAPA

Uste baino errazago nagusitu ziren baztandarrak

Arraioz A taldeak aisa irabazi zuen igandean Baztan-Errekako hogeita hamargarren laxoa txapelketako finala, 9-2 irabazi baitzion Oitz A taldeari. Malerrekakoek lehen jokua egin bazuten ere, hurrengo zortziak segidan egin zuten baztandarren eta uste baino lehen erabakia utzi zuten txapela. Oizkoek bigarren jokua ere egin zuten, baina Arraiozen bederatzigarrenarekin, etxekoek hirugarren aldiz jantzi dute txapela.

Finalistak

Oizko taldeak ez zuen bere egunik onena izan eta, aldiz, Arraioz ederki aritu zen. Iñaki Miura sakatzailea nabarmendu zen eta beretzat izan zen Mikel Eizagirre pilotazale donostiarrak ematen duen finaleko jokalari onenaren saria ere. Berekin batera, Jon Gamio numeroa eta Jesus Mari Laurnagarai eta Asier Zubigarai laurdenak aritu ziren. Oitz taldean Sergio Fagoaga, Lander Mendiola, Iñaki Mendiola eta Juan Mari Mindegia aritu ziren.

Epaileak

Epaile lanetan, Oizko Joaquin Illarregi, Iruritako Txuma Prim eta Miguel Bidegain, Arraiozko Sotero Etxandi eta Doneztebeko Juan Mari Artazkoz aritu ziren eta Arraiozko Mariano Maritorena marrazain.

Sari banaketa eta agintariak

Baztango kirol koordinatzaileak, Elixabet Santestebanek eman zizkien sariak txapeldunei eta Sotero Etxandi Arraiozko alkateak txapelak jantzi zizkien.
Urtero bezala, pilota munduko agintari aunitz bildu zituen laxoa txapelketako finalak. Arraiozen izan ziren Nafarroako eta Kataluniako federazioetako presidenteak, Miguel Pozueta eta Agustín Brugués; Pilotarien Batzarrako Juanjo Oronoz eta Josean Arroyo eta bertze zenbait.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun