Elizondoko Foruen Plazarako ideia lehiaketako saridunak jakinarazi dituzte

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 31a, 16:45

Iruñeko Koldo Fernandez Gaztelu, Corina Blanco Rovas eta Enrique Jerez Abajoren “Lurra BZT” izan da onena epaimahaiaren ustez

Elizondoko Foruen Plaza urbanizatzeko obretako ideien lehiaketari buruzko epaimahaiaren irizpena jakitera eman dute gaur eguerdian Balleko Etxean. Baztango Udaleko Gobernu Taldearen lehentasunetako bat legealdi honetan, Elizondoko Foruen plaza berritzea izan da. Plazaren ingurua landu da lehenik: Jaime Urrutia eta Fco. Joaquin Iriarte karrikak zolaberritzea eta haien sarbideak egokitzea; Merkatuko plazako eraikina liburutegi publiko bihurtzea, egiten ari diren obra baita; Arizkuneneko aitzineko eremua zabaltzea, plazatxo bat eginez eta Jaime Urrutia eta Santiago karriken lotura hobetzea. Jarduera horietan herritarrek parte hartu dute eta sorburu izan dituzten ondorioak Agenda 21ean eta Baztanerako Mugikortasun Iraunkorraren Planean daude.

Ideien lehiaketara 44 proiektu

Udalak, 2009ko urtarrilaren 12an egin bileran, Elizondoko (Baztan) Foruen plaza urbanizatzeko obretarako ideien lehiaketako administrazio baldintzen plegua onetsi zuen. Urtarrilaren 21ean, Nafarroako kontratazioen atarian iragarri zen. Martxoaren 11n bukatu zen epea proposamenak aurkezteko. 44 proiektu jaso dira, aurreikuspenak gainditu dituen parte-hartze arrakastatsua. Beraz, apirilaren 27an horretarako eratu zen epaimahaiak lan handia izan du. Aipatu epaimahaiko kideak hauek izan dira: buru, Virginia Aleman, Baztango alkatea; Udaleko bi zinegotzi (Agustín Olabe eta Mª Carmen Iribarren), hiru arkitekto, teknikari aholkulari gisa (Silvia Barabarín udal arkitektoa, Efrén Munarriz, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak izendatua eta Eduardo Vicente, Nafarroako Gobernuko ORVE bulegoa ordezkatuz), Blas Otazu, Udaleko hirigintza abokatua eta Mª Jesús Muñoz, Udaleko idazkaria.

Herritarren bozketa

Epaimahaiak bilkurak egin baino lehen, proiektuak jendaurrean jarri ziren hiru astez eta horri buruzko bozketan 329 lagunek hartu zuten parte (Elizondoko 224 pertsonak –% 68- eta Baztango gainerako herrietako 105 pertsonak –% 32-). Horrenbertzez, parte-hartze oso handia, modu honetako ekimenetarako. Herritarren bozketaren emaitzak, balorazioaren 100 puntutik 20 ematen zituenak, hiru proposamen lehenetsi zituen:
1. Billantzikotik Zortzikora, 83 boto.
2. Laxoa 1, 78 boto.
3. Bat Han, 58 boto.

Epaimahaiaren irizpena

Kide bakoitzaren lanaz gain, Epaimahaiak sei bilera egin zituen, hondarrekoa uztailaren 21ean. Data horretan onetsi zen lehiaketa ebazteko irizpenaren proposamena. Horren arabera, 1.500 euroko hirugarren saria, Javier Garcia Neila errioxarraren eta Lizarrako Irantzu Saénz de Galdeano Larriónen “Stortorget” proposamenak eskuratu du. 3.000 euroko bigarren sairia, Irurita-Lekarozko Maite eta eta Idoia Danboriena Olaetxearen “Billantzikotik Zortzikora” proposamenak eskuratu du eta lehiaketaren irabazlea, 6.000 euroko sariarekin, Iruñeko Koldo Fernandez Gaztelu, Corina Blanco Rovas eta Enrique Jerez Abajoren “Lurra BZT”.
Ideia lehiaketa irabazteak ez du erran nahi Elizondoko plaza proposamen horren arabera berrituko denik. Irizpen proposamena osoko bilkurari aurkeztuko zaio 2009ko irailean, onets dezan. Sariak emateko ekitaldia hilabete horretan bertan eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun