Madril eta Bartzelonako Euskal Etxeek euskara ikasleentzako barnetegia egin berri dute Elizondon

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 28a

Euskara ikasleek ingurua ere ezagutu dute. TTIPI TTAPA

23 ikaslek eta 2 irakaslek zortzi eguneko egonaldia egin dute

Euskal Etxe aunitzetan gogor aritzen dira ikasle taldeak euskara ikasten. Hizkuntzaren alderdi gramatikalak ikastea bezain garrantzitsua da ikasitakoa praktikan jartzea eta horregatik, Madrilgo eta Bartzelonako Euskal Etxeek bertze behin ere barnetegia antolatu dute euren euskara ikasleentzako. Zortzi egunez, Elizondon izan dira 23 ikasle eta bi euskara irakasle eta, euskara eskolez gain, herriko bestak eta Baztandarren Biltzarran parte hartu dute.

24 orduz euskaraz

Euskal Herrian egiten duten egonaldi honen helburua, ikasleei 24 orduz euskaraz aritzeko aukera ematea da aldi berean, euskal kultura eta bere baitango eguneroko bizitza gertutik ezagut dezaten. Barnetegian 23 ikasle eta bi irakasle aritu dira. Goizetan klaseak egin dituzte herriko AEKren egoitzan, lau ordu ingurukoak, Bartzelona eta Madrilgo irakasleekin. Arratsaldetan berriz, ekitaldi kulturalak eta ludikoak izan dira nagusi. Bertzeak bertze, Donibane Garazira, Bertizera, Santxotena parke museora eta Zugarramurdira egin dituzte bisitak. Besta giroan murgiltzeko aukera ere izan dute Madril eta Bartzelonako euskaldun berriek, izan ere, Baztandarren Biltzarra eta Elizondoko Santiago bestak bertatik bertara bizitu baitituzte.

"Euskal munduarekin harreman berria"

Barnetegiak iraun dituen zortzi egun hauetan, euskara aunitz landu dute ikasleek, baina Aitor Arruti Bartzelonako Euskal Etxeko presidentearen erranetan, garrantzitsuena, 'liburu eta klaseez aparte, euskara bizirik duen eta bere eguneroko bizitzan 24 orduz erabiltzen duen euskal mundu eta kulturarekiko harreman berri bat sortzen dutela da'.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun