Julen Kañamares, Kañamares III. nagusitu zen igandean Elizondon jokatu zen Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketan. Berriozarkoak ezustea eraman zuen eta Ruben Saralegi faboritoari gailendu zitzaion. Aizkolariek bi kana-ediko eta bi 45 ontzako moztu behar zituzten eta Kañamares III ongi nagusitu zen, 7 minutu eta 53 segundu behar izan baitzituen lana burutzeko. Ruben Saralegik 8 minutu eta 36 segundu behar izan zituen, Asier Pellejero aresoarrak 9 minutu, Raul Castro urroztarrak 10 minutu eta 35 segundu eta Etxarri Aranazko Goizeder Beltzak 12 minutu eta 8 segundu. Txapelketako bi lehenbizikoak, Kañamares eta Saralegi, bigarren mailan ariko dira hurrengo denboraldian.
Erasunek ezin Atutxarekin
Ortziralean jokatu zen Azpeitian Urrezko Aizkolarien banakako txapelketaren finala, 23 urtez beheitiko kategoria. Ander Erasun aurtiztarrak ezin izan zuen Atutxa II. Menperatu. Bizkaitarrak 20 minutu eta 44 segundu behar izan zituen lana bukatzeko eta Aurtizkoak 23 minutu eta 2 segundu.