Elizondoko Santio besten barrenean, ekitaldi berezia burutu zen igandean, Xorroxin Irratiak antolatutako Behi Kakaren zozketa hain zuzen. 350 bat lagunek zuzenean ikusi zituzten Lore, Zagua eta Erdiz behin harat-honatak eta arretaz begiratu zuten beraien kaka non erortzen zen. Horretarako prest zeuden epaileak ere.
Lehen saria Elizondon
Xorroxin Irratiaren aitzinaldean dagoen belagia lerro eta zutabetan banatuak zeuden eta behi bakoitzaren kakak sari ederra ematen zuen. Lehenbiziko saria 43 lerroan eta 76 zutabean erori zen kaka-mokordoak eman zuen eta Oihana Otermin Zabaleta suertatu zen irabazle. Enkarterrietako Amalurra hotelean astebeteko egonaldia bi lagunendako; Castillo de Gorraiz hotelean bi lagunendako afaria, spa eta gaua, Arzak jatetxean afaria bi lagunendako eta Aroa ardo lotea irabazi ditu Oihanak.
Bigarren sariduna ez da agertu
Bigarren saria, 21 lerroari eta 30 zutabeari dagokio, baina igandean ez zen irabazlerik ateri. Abuztuaren 26ra arte izanen da saria eskuratzeko aukera. Gogoratu behar da Izabako Txapatera landetxean 6 lagunendako asteburuko egonaldia; Arabako Murua herriko Gorbeia landetxean bi lagunendako asteburuko egonaldia, Aizarozko ostatuan bi lagunendako afaria eta Lurlan produktu lotea dituela saritzat.
Hirugarren saria Lezora
Eta hirugarren saria, 14 lerroan eta 42 zutabean erori zena, Lezoko Xabat Manso Anbustegi mutikoarentzat izan zen. Zumaiako Karakas landetxean bi lagunendako asteburuko egonaldia; Zumaiako Talasozelai talasoterapia gunean zirkuito bat hamar lagunendako eta Basakaitz esneki lotea irabazi zituen Baztanen familia duen mutikoak.
Lehenbiziko behiak abudo xamar egin zuen kaka, bigarrenak hamar minutu behar izan zituen eta hirugarrenak, arauzko ordu erdia gainditu zuenez, zozketa arrunta egin behar izan zuten Xorroxin Irratikoek.
Xorroxin Irratia laguntzeko
Giro ederrean joan zen arratsaldea, ostatua, bertsolariak eta musika izan baitziren belagian. Baina ez da atzendu behar Xorroxin Irratiaren ekimena dirua biltzeko zela, Nafarroako Gobernuak %96an jautsi baitu aurten euskarazko komunikabideei emandako dirulaguntza.