Zahar-etxeak publikoa izaten segitzen duela berretsi du alkateak

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 22a

Kudeaketa IDEA enpresaren esku dago uztailaren 1az geroztik

Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar-etxea­ren kudeaketa esku pribatuetara pasatu izanak, eztabaida eragin du. Langileen Batzordea erabakiaren kontra agertu da hasieratik, «Baztango eraikin historiko bat irabaziei begiratzen dien enpresa baten esku ezin dela utzi» erranez, eta protestan segitzeko asmoa ere adierazia dute.
Baina Virginia Aleman alkatearen hitzetan, gai honen inguruan gaizki ulertuak egon dira. Argi utzi nahi izan du gestioa dela esku pribatuetara pasatu dena, eta «instalazioek publikoak izaten segitzen dutela». Horrekin batera, zera adierazi du Alemanek: «Udala eta zahar-etxeko juntak eskae­rak kontrolatzen segituko dute, baztandarrei beti lehentasuna emanen diete eta eurek aplikatuko dituzte kuotak eta beharrezkoak diren inbertsioak ere eurek onartuta aterako dira aitzinera».
Alkatearen arabera, aldaketaren gibelean, «aholkularitza teknikoa­ren beharra» dago, «zentroak zuzendaritza espezializatua izan dezan, zerbitzua behar bezala garatzeko». Alde horretatik, alkatearen irudiko, gestioa hartu duen IDEA Innovacion y Desarrollo Asistencial enpresa pribatuak «prestakuntza eta esperientzia egokia ekarriko dizkio zahar-etxea­ri».
Gaur egun, 136 egoiliar eta 62 langile ditu Francisco Joaquin Iriarten zahar-etxeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun