BKT-ko jokalari batzuk final laurdenetara iritsi ziren Suancesen jokatutako Hondartza Eskubaloi Txapelketa Nazionalean

ttipi-ttapa 2009ko uzt. 21a, 15:55
Baztango Tuku-Tuku taldea ederki moldatu zen Suancesen TTIPI TTAPA

EHFk antolatutako lehiaketan lehen aldiz parte hartu zuten baztandarrek

Baztango Kirol Taldeko zenbait jokalarik osatutako Ttuku-Ttuku taldeak uztailaren 4 eta 5ean Suances-eko Hondartza Eskubaloi Txapelketa Nazionalean parte hartu zuen. Txapelketa hau EHF-k (European Handball Federation) antolatzen du urtero, bertze ospakizun garrantzitsu aunitzekin batera. Esaterako, 2006an, Munduko Txapelketa jokatu zen Kantabriako herri txiki honetan. Gainera, hainbat tokitako taldeak etortzen dira: bertze aunitzen artean, Suediako Selekzio Ofiziala, Holanda, Kadiz, Burgos, Palentzia, Madril, Bartzelona, Kantabria, Asturias, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik.

32 talde

Emakumezko senior mailan 32 talde aritu ziren lehian, Ttuku-Ttuku taldea lehendabiziko zortzien artean gelditu zelarik (kontuan izan behar da talde honek parte hartzen duen lehen urtea dela). Final laurdeneko partiduan EHHH Vakillas-en aurka galdu zuten ordea. Gaitzerdi, kontuan hartzen bada neska bizkaitar hauek finalera iritsi eta txapelketa eskuratu zutela, Dream Team taldeari finala irabazi ondotik. Ea hurrengo urtean final-erdietara iristea lortzen dute Ttuku-Ttuku taldeko neskek, nahiz eta afera benetan zaila izan.

Taldekideak

Hauek dira taldeko jokalariak: Amaya Irigoyen, Eider Arce, Karmele Sanz, Irati Berruezo, Elisa Arrechea, Ines Laborra, Garbiñe Goñi, Nerea Gil, Nerea Osinaga eta Itziar Goienetxe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun