Sortu zenetik 12 urtera

Gurutze PIKABEA 2009ko uzt. 20a, 15:47
1997an ireki zen Loiu hiltegia. TTIPI TTAPA

Eztabaida eta ezinegona Baztango Loizu hiltegiaren inguruan

Baztango Udalak 1997an sortu zuen Loizu hiltegia, Iruritan, Baztango beharrak ez ezik, eskualde osokoak hornitzeko. Hasiera hartan hiru langilek autonomo modura hartu zuten hiltegiaren kudeaketa, baina bortz urterako kontratua zena, akitu baino lehen eten zuten. Ixteko arriskuan gelditu zen orduan, eta hori saihesteko Baztandarra Kooperatibarengana jo zuen Udalak. Geroztik, azken zortzi urteotan, kooperatibaren esku dago gestioa. Langileek, berriz, autonomo gisa segitzen dute. Sorreratik 12 urtera ezinegona somatzen da hiltegiaren inguruan eta egoera hurbiletik segitzeko auziarekin lotura zuzena duten hiru aldeekin egon gara: Isaak Rekalde langilearekin, Xanti Urrutia Baztandarra Kooperatibako presidentearekin –juntako guztien izenean mintzatu da– eta Virginia Aleman Baztango alkatearekin. Hiltegia bakarra da baina iritziak kontrajarriak.

1993an onartutako Europako hiltegien araudi berriak eskualdeko hiltegi ttikiak ixtera behartu zituenean sortu zen Baztango Loizu hiltegia, 1997an. Hasi Bortzirietatik eta Xareta aldera bitarteko beharrak asetzeko hiltegi bakarra proposatu zen eta horren ondorioa izan zen Loizu, Iruritan dagoen eraikin industriala. Sortu zen urtean Loizu elkarte mugatuko hiru kidek Baztango Udalarekin hiltegia gestionatzeko bortz urterako kontratua sinatu zuten, baina ez zen ongi atera. 3-4 urtez hiltegia eraman zutenek kontratua etetea erabaki zuten. Orduko Baztango alkatea bera ez bazen ere, Virginia Alemanen arabera, «osasun eskakizun berriekin kudeaketa konplikatua zelako utzi zuen bertan behera Loizu elkarteak kontratua». Amaiurko Isaak Rekalde hiltegiko langilearen hitzetan, ordea, «hiltegia errentan hartzeaz gain, mantenuaren eta lana bilatzearen lana osorik gure gain utzi zuten. Eta horrela ezin zitekee­lako segi hautsi genuen».
Hiltegia ixteko arriskuaz jabeturik, Udalak Baztandarra Kooperatibara jo zuen kudeaketaren ardura eskainiz. Eta honek baietza eman zion. Hala, 2001az geroztik koo­peratibak darama hiltegiko kudeaketa. «Koo­peratibak zerbitzua mantentzeagatik eman zuen baietza. Itxiz gero, hemen hiltegirik gabe geldituko ginatekee­lako eta jendeak kanpora joan beharko lukeelako. Hori izan zen hasierako helburua. Eta luzera begira, bertze proiektu batzuk ere bazeuden». Horrela azaldu digu Xanti Urrutia kooperatibako lehendakariak, juntaren izenean. Alkateak kontratuari buruzko xehetasunak eman dizkigu: «zerbitzuaren ustiapena errentariaren esku dago, eta bitarteko tekniko, material eta pertsonalez berak arduratu behar du. Udalak gastuak bere gain hartuko ditu».
Kooperatibak zortzi urte hauen inguruan egin duen balantzea «ona» da, «hasierako helburua hiltegia zabalik mantentzea zelako eta hori lortu delako». Bide beretik jo du Alemanek ere: «12 urteren buruan, sorrerako zerbitzua ematen segitzen du, nahiz eta gestioa ordukoa baino konplikatuagoa den orain». Baina ez da iritzi berekoa Isaak Rekalde, hasieratik somatu baititu gabeziak hiltegian: «lehenbizitik herritarren hiltegi bat sortu behar zen, herritarrei zerbitzu bat emateko, baina sortu zena harakinak asetzeko hiltegia izan zen». Gabeziak ez dira gutti amaiurtarraren hitzetan: «hasierako planteamendu eskasaren ondorioz, hiltegia aziendak hiltzeko bertzerik ez zen diseinatu, puskatzeko zerbitzurik gabe. Aratzeak, behiak, ardiak eta bildotsak hiltzeko lineak jarri baziren ere, zerriak hiltzeko linearik ez zen jarri. Gainera, hiltegia sanitateko arauak bete gabe ireki zuten: odola egosteko sistema, ur zikinak bereiztekoa...». Puskatzeko zerbitzua 2005 eta 2008 urteen artean egin zen. Eraikina­ren «kalitate eskasa» izan da nabarmendu duen bertze hutsunea: «zola aratzeen atzaparrekin zulatzen zen, paretak ahulak eta hauskorrak...». Geroztik Udalak inbertsioak egin ditu. 2005 eta 2008 urteen artean, erraterako, 325.223,50 euroko gastua egin zuen gabeziak konpontzeko. Baina langilearen arabera, «guttieneko osasun arauek eskatutako inbertsioak izan ziren». Halere, Udalak, garbi du eskatzen diren osasun baldintzak eta teknikoak betetzen dituela hiltegiak.

Lan baldintza ‘prekarioak’

Rekalderen irudiko, lan baldintza «txarretan» daude eta egoe­ra honen gibelean, Udalaren «utzikeria» eta Baztandarra Kooperatibaren «planifikazio eza» daude. Horren harira, zera azaldu digu Urrutiak: «lehen urte haietan azienda gutti hiltzen zen eta hasierako kezka nagusia bolumen hori haunditzea izan zen, eta urteekin hori lortu da. Badira bertze helburu batzuk ere, batez ere komertzializazioa bultzatzea, baina momentuz horretan ez gara hasi, bertze proiektu garrantzitsuagoak ditugulako esku artean». Udalak giza baliabideen arduraduna koo­peratiba dela gogoratu, eta honek egoe­rari buelta emanen diolakoan dago.
Kiloko egiten duten lanaren arabera kobratzen dute langileek. «Hori hasieratik horrela izan da. Lehenago ere gai hau atera zen, eta gehienak ados daude orain dauden bezala. Baina noski, langile bakoitzak bere iritzia du», dio kooperatibako lehendakariak. Udalaren irudiko «langile bakar baten adierazpenak dira, eta ez dakigu gainerakoek zer pentsatzen duten».
Gorabeherak gorabehera, potentzialta­sun haundiko zerbitzua dela deritzo Isaa­kek. «Baztan-Bidasoaldetik etortzen da jendea, baita Ultzama aldekoa ere». Sasoiaren arabera, lana aldatzen bada ere, beti badute egitekoa. Kooperatibako junta­kidearen ustez, potentzialtasun haundiko zerbitzua izateko, «komertzializatzeko pausoa» ematea ezinbertzekoa da. «Azienda hiltegian hil baina ez bada inon kokatzen, ez da deus ere lortuko». Udalak ere badu hiltegia indartuko den itxarope­nik.
Momentu zailean dago hiltegia, eta bai Rekaldek eta bai kooperatibako kideek ere, bat egin dute alde guztiek solastea ezinbertzekoa dela erratean: «alde guztiak elkartu eta bakoitzaren beharrak aztertu behar dira», dio langileak. Bide beretik, Urrutiak hauxe: «denen artean solastuta konponduko dira arazoak, eta ez bakoitza bere airera ibilita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun