Etorkinek protagonismoa berezia izan zuten igandeko Baztandarren Biltzarrean

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 20a, 12:58
Belatzak taldearen zezen plazakirabazi zuen lehen saria. TTIPI TTAPA

Orga lehiaketan berdinduak gelditu ziren Elizondoko bi koadrila, baina Belatzak taldearenak lortu zuen lehen saria

Giro ederra izan zen igandean Baztandarren Biltzarran eta guzira 21 orga aurkeztu ziren. Horien artean aipagarria izan zen Elizondoko Barride Berriena, hain zuzen Baztango etorkinek hegazkin bat egin baitzuten eta gure artera etortzeko izaten dituzten arazoak irudikatu. Desfilea irekitzen ere Baztanera kanpotik etorri eta euskara ikasi duten hiru lagun zeuden, “Euskarak batzen gaitu” leloarekin bat eginez: Lucia Ros galiziarra, Fernando Cortijo aragoikoa eta Marta Perez kataluniarra. Hiruek “Euskarak batzen gaitu” leloarekin bat egiten dute.

Berdinketa lehen postuan

Berrogeita seigarren edizioa bete zuen igandean Baztandarren Biltzarrak eta eguraldi ederrak lagundu zuen. Karrozak ere ederki apainduak ageri ziren eta lan ederra izan zuen epaimahaiak irabazlea erabakitzeko. Izan ere, lehen postuan berdindu egin zuten Elizondoko bi koadrilak, 121,5 punturekin. Belatzak taldeak 1956ko zezen plaza bat irudikatu zuen, zezen, torero, manola eta gainerako osagarri guziekin. Gainera, goizetik kartelak paratuak zituzten, Joxe Urrutiaren ganadutegiko zezenak toreatzeko, Sansi “El recortador del viento”, Mañu “El Jezulin del Norte” eta Oier “El agil y veloz” toreroak izanen zirela adierazteko. Beti Zurrutak taldeak, berriz, sagardoa egiteko tolarea egin zuen eta balleko alkateak lehen sagardoa dastatzen zuen unea ere antzestu zuen. Bakoitzak 500na euro eraman zituen, baina irabazlearen saria bakarrak eraman zezakeenez, puntuazioetan 10 gehiago lortu zuenak eskuratu zuen, Belatzak taldeak.

Zigatarrak bigarren

Bigarren postua Zigarentzat izan zen, 121 punturekin, 350 euroko saria eskuratuz. Egozkue jauregiko bizitza irudikatu zuten 1940. hamarkadan, bere jauntxoekin eta zerbitzariekin, aberatsekin eta pobreekin.

Erratzu hirugarren

Hirugarren saria Erratzuk eskuratu zuen, Gorostapoloko Amaren ermitara euria eskatuz egindako prozesioa antzeztuz. Baita lortu ere, Balleko Etxera ailegatu zirenean, euria (mangera batekin, hori bai) hasi baitzen. Gainerako herriek ere aski karroza ederrak eta ikusgarriak plazaratu zituzten, baita Xorroxin Irratiak edo Herri Ekimenak ere.

Kasik bi mila lagun herri bazkarian

Behin karrozen desfilea akituta eta Mutildantzen ondotik, kasik 2.000 lagun bildu ziren Merkatuzelaiko herri bazkarian, Baztandarren Biltzarraren 46. edizio honi, behar bezalako akabaila emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun