Urtero bezala, Elizondoko karrikak jendez, musikaz eta kolorez beteko dira igandean, uztailaren 19an, Baztandarren Biltzarraren karietara. Goizean, artisauak izanen dira ospakizunari hasiera emanen diotenak. 10:00etan artisau azoka zabalduko da eta 14:00etara bitarte Pedro Axular kalean egonen dira, produktuak eta tresnak erakusten eta saltzen. Halere, ikuskizun haundiena orgen desfilearekin hasiko da. 11:30ean abiatuko dira herrietako karrozak eta Elizondoko karriketan barna ohiko itzulia eginen dute: Zahar Etxearen ondotik abiatu eta Baztan Ikastolako parkeraino joanen dira, handik beheiti hartu eta Jaime Urrutia karrikan barna udaletxeraino joanen dira. Ibilbideari hor emanen zaio akabera.
Orgak eta dantzariak
Aurreikusten diren 21 orgen artean honako talde hauek izanen ditugu: Iturengo Joaldunak, Baztango Txistulariak, Baztango Dantzariak, Iparragirreren Akordeoi Taldea, Baztango Gaitariak, Arizkungo Txistulariak, Orioko Harribil Dantza Taldea, Lekeitioko Dantzariak, Laguardiako Dantza Taldea, Baigorriko Dantzariak, Baigorriko Gaiteroak, Urdiñarbeko Dantzariak, Incansables Txaranga, Zpeiz Mukaki Taldea, Iruñeko Gaiteroak eta Baztango Trikitixa Eskola.
Eskuarak batzen gaitu
Desfilea irekitzen eta banderak eramaten Baztanera kanpotik etorritako hiru pertsona joanen dira. Pertsona hauek gurera etorri eta gure hizkuntza ikasteari ekin diote. Hauek ongi ulertu dute Baztandarren Biltzarraren leloa: “Eskuarak batzen gaitu”. Horregatik, aurten desfilea irekitzeko ohorea izanen dute.
Orgen desfilearen ondotik, 14:00etan mutildantzak izanen dira plazan eta ondotik, 14:30ean bazkaria Merkatuzelain. Bazkalondoan karrozen desfileko eta kartel lehiaketako sariak banatuko dira. Bazkalondoko jaialdian bertsolariak, txistulariak, Pottoka, muxikoak, mutildantzak, larraindantza eta bukatzeko Trikidantz taldea izanen dira. 20:00etan dantzaldia izanen da Laiotz taldearekin plazan.
Bezperan gaupasa
Egun haundia igandea bada ere, besta giroa bezperatik somatuko da Elizondon. 19:00etan Incansables txaranga ibiliko da Elizondoko karriketan barna. 21:00etan Zpeiz Mukaki taldea ibiliko da herrian barna eta gauerditik aitzinera, dantzaldia izanen da Laiotz taldearekin. Aipatzekoa da dagoeneko irekia dagoela kartel lehiaketaren erakusketa. Lehiaketara aurkeztutako kartelak ikusgai daude Arizkunenea Kultur Etxeko bigarren solairuan, arratsaldeko 18:00etatik 21:00ak artio.