Lekarozko presa botatzen hasi dira

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 15a

Presa ez ezik, ondoko eraikina ere botako da, ikusmina piztu duten lanetan. TTIPI TTAPA

Kantauriko Ur Konfederazioak oztopoak kentzeko 22 ekimen eginen ditu

Bere garaian Kaputxinoen ikastetxea argindarraz hornitu zuen Lekarozko presa botatzen hasi ziren uztailaren 14an, asteartean. Nafarroako erreken egoera ekologikoa hobetzeko, Kantauriko Ur Konfederazioak egin gogo dituen lanetako bat da Lekarozko presa botatzearena eta 125.000 euroko aurrekontua du, ondoko eraikina ere botako baita.

Ikusmina

Asteartean, lanak ikustera Lekarozera hurbildu ziren Jorge Marquinez Kantauriko Ur Konfederazioko presidentea; Andres Eziolaza eta Juan Jose Grau Nafarroako Gobernuko ingurumen saileko agintariak, baita Kataluniako Uraren Agentziako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak ere. Presa botata, arrainendako oztopo bat kentzen dela adierazi zuen Marquinezek eta uholde arriskua ere murriztuko omen da. Erreka bazterretan ere, bertakoak ez diren landareak kenduko dira. Bertze zenbaitentzat, aldiz, ondarea galdu eginen da honelako lanekin.

22 ekimen, milioi terdi euroko aurrekontuarekin

Kontuak kontu, Kantauriko Ur Konfederazioak Nafarroako erreken konektibitatea hobetzera bideratuak dauden 22 ekimen eginen ditu, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin eta 45 lanpostu sortuko omen dira. Abudo, Elbete, Kixua, Ikatzetea eta Landaberriako presak ere botako dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun