Baztandarren Biltzarra besta haundia igandean eginen da

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 15a, 10:50

Orga ikusgarriak izanen dira aurten ere Baztandarren Biltzarrean. TTIPI TTAPA

Herri bazkarirako 1.350 txartel inguru ortzegunean jarriko dira salgai

Gutti gelditzen da baztandarren besta haundirako, astebete eta egun batzuk bertzerik ez. Uztailaren 19an, igandearekin, hain egun berezia den Baztandarren Biltzarra besta eginen da. Urtero bezala, Elizondoko karrikak jendez, musikaz eta kolorez beteko dira.
Goizean, artisauak izanen dira ospakizunari hasiera emanen diotenak. 10:00etan artisau azoka zabalduko da eta 14:00etara bitarte Pedro Axular kalean egonen dira, produktuak eta tresnak erakusten eta saltzen. Halere, ikuskizun haundiena orgen desfilearekin hasiko da. 11:30ean abiatuko dira herrietako karrozak eta Elizondoko karriketan barna ohiko itzulia eginen dute: Zahar Etxearen parean abiatu eta Baztan Ikastolako parkeraino joanen dira, handik beheiti hartu eta Jaime Urrutia karrikan barna udaletxeraino joanen dira. Ibilbideari hor emanen zaio akabera.
Orgen desfilearen ondotik, 14:00etan bazkaria izanen da Merkatuzelain. Bazkalondoan karrozen desfileko eta kartel lehiaketako sariak banatuko dira. Ilunabarrean, berriz, Trikidantz taldearekin segituko du bestak.

Bezperan gaupasa

Egun haundia igandea bada ere, besta giroa bezperatik somatuko da Elizondon. Aurten Laiotz taldearekin dantzaldia izanen da. Aipatzekoa da dagoeneko irekia dagoela kartel lehiaketaren erakusketa. Lehiaketara aurkeztutako kartelak ikusgai daude Arizkunenea Kultur Etxeko bigarren solairuan, arratsaldeko 18:00etatik 21:00ak artio.

Bazkarirako txartelak ortzegunetik aitzinera salgai izanen dira

Bertze aldetik, herri bazkarirako txartelak ortzegunean, uztailaren 16an salgai jarriko dira. Salmenta arratsaldeko 16:00etan hasiko da Baztandarren Biltzarra elkartearen egoitzan. Ilaran dagoen pertsona bakoitzak 16 sarrera bertzerik ezin izanen ditu erosi. Prezioa 20 eurokoa izanen da. Baztandarren Biltzarrako antolakuntzatik lasaitasun mezu bat igorri nahi izan dute, 1.350 txartel inguru jarriko baitira salgai eta joan den urtean ez baitziren txartelak lehenbiziko egunean saldu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun