IDEA Innovacion y Desarrollo Asistencial enpresa da Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar-etxearen arduradun berria, patronatuko batzordeak hala erabaki baitzuen aho batez ekainaren 17an. IDEA Nafarroako enpresa da eta Udalaren hitzetan, «laguntzaren kalitateko eta berrikuntzako eredu baten alde egiten du lan, gizartearendako osasun laguntzaren alorrean».
Ez dira, ordea, uste berekoak langileak. Pribatizazioaren aurka azaldu da hasieratik Langileen Batzordea (ELA eta LAB), «ezin delako Baztango eraikin historiko bat irabaziei begiratzen dien enpresa baten esku utzi».
Batzordeak erabakia hartzerakoan zera hartu du kontuan: «enpresak adinekoak zaintzeko alorrean, laguntzaren kalitatean eta berrikuntzan Nafarroa iparraldean eredugarri bihurtu nahi duela». IDEAk «aitzinera eramanen dituen erronken artean» hauek nabarmendu ditu: «zahar-etxea moldatzea Autonomia Pertsonalari buruzko legeak ezarritako eskakizun eta beharretara eta zentroari kudeaketa orekatua ematea behar berrietara egokitzeko».
Langileen Batzordearen arabera, «zahar-etxeak betidanik funtzio publikoa izan du, bere sorreran, orain 150 urte, miserikordia etxea zen. Betidanik Baztango jendea, batez ere, agureak eta jende behartsua zaintzeko helburua izan du eta orain bat batean enpresa pribatu baten eskuetan utzi dute, zahar-etxeak dituen zorrak argudiatuz».
Prozesua isilpean egin izana ere salatu du Langileen Batzordeak, «inork deus ere jakin gabe, ez langileek, ez agureek, ez herrietako alkateek ere».
Protestan segitzeko asmoa
Zalantza eta galdera aunitz sortu ditu erabakiak langileen artean: «zahar-etxeak zorrak baldin baditu eta kontratuak irauten duen bortz urteetan irabaziak atera behar badituzte, nola lortuko dituzte? Kalitatea jautsiz? Prezioak igoz? Soldatak jautsiz?». Horregatik eta «langileen lan baldintzek, xaharren egoerak eta oro har, zerbitzu publikoen pribatizazioek arduratzen gaituztelako protestan segituko dugu».