Udalak eta Bidelagun elkarteak, Udaleko Inmigrazio programa bultzatzeko hitzarmena sinatu zuten ekainaren 30ean. Horretaz gain, etorkinendako baliabide gida eta etorkinei harrera egiteko gida ere aurkeztu zituzten. Ekitaldian, Martin Garde zinegotzia; Elena Urtasun gizarte langilea eta Raul Lopez, euskara teknikari izan ziren, Bidelagun elkarteko Isidro Herguedas koordinatzailearekin batera. Udalaren datuen arabera, Bailaran 504 etorkin bizi dira: populazio osoaren %6,45. Horietatik 242 Europatik etorriak dira, 220 Amerikatik eta 40 Afrikatik. Gehienak, 347, Elizondon bizi dira. Udaleko Inmigrazio Programa bi erronkei aurre egiteko sortu da: batetik, beharrean daudenak zaindu eta laguntzeko, eta bertzetik, elkar ezagutzeko pausoak ematen segitzeko. Aurten 22.000 euroko dirulaguntza jaso du Udalak Nafarroko Gobernutik eta Bidelagun elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, zenbait ekimen antolatuko dira. Hala nola, bideo lehiaketa eginen da 3. eta 4. mailetako gazteekin immigrazioaren fenomenoa lantzeko, Bertzearen larruan jarri izenburuarekin. Kulturarteko astea antolatuko da, baita Bertze kulturak ulertzen ikastaroa ere. Biorriko bat ere prestatu da, etorkinen seme-alabei eta familiei zuzendua, jakin dezaten zer ekintzetan parte har dezaketen. Baztandarren Biltzarrean karroza bat prestatzeko asmoa ere badute. Gidak etorkinei ere zuzenduta daude, beren integrazioan laguntzeko; eta bertakoei begira, gako kultural batzuk ematen dira, bertzelako kulturetatik etorritakoak hobeki ulertzeko. Informazio gehiago www.bidelagun.com eta www.baztan.es web orrietan eskuragai dago. Liburutxoa Baztango etxe guzietan banatuko da.