Baztandarren Biltzarra besta haundia uztailaren 19an eginen da

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 15a, 10:49

Ohiko ekitaldiak izanen dira: artisau azoka, orgen desfilea, bazkaria eta dantzaldia

Gutti gelditzen da baztandarren besta haundirako, astebete eta egun batzuk bertzerik ez. Uztailaren 19an, igandearekin, hain egun berezia den Baztandarren Biltzarra besta eginen da. Urtero bezala, Elizondoko karrikak jendez, musikaz eta kolorez beteko dira.
Goizean, artisauak izanen dira ospakizunari hasiera emanen diotenak. 10:00etan artisau azoka zabalduko da eta 14:00etara bitarte Pedro Axular kalean egonen dira, produktuak eta tresnak erakusten eta saltzen. Halere, ikuskizun haundiena orgen desfilearekin hasiko da.
11:30ean abiatuko dira herrietako karrozak eta Elizondoko karriketan barna ohiko itzulia eginen dute: Zahar Etxearen parean abiatu eta Baztan Ikastolako parkeraino joanen dira, handik beheiti hartu eta Jaime Urrutia karrikan barna udaletxeraino joanen dira. Ibilbidea­ri hor emanen zaio akabera.
Orgen desfilearen ondotik, 14:00etan bazkaria izanen da Merkatuzelain. Bazkalondoan karrozen desfileko eta kartel lehiaketako sariak banatuko dira. Ilunabarrean, berriz, Trikidantz taldearekin segituko du bestak.

Bezperan gaupasa

Egun haundia igandea bada ere, besta giroa bezperatik somatuko da Elizondon. Aurten Laiotz taldearekin dantzaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun