Elizondoko Baztanberri auzoan Foru Poliziaren komisaria egiteko Nafarroako Gobernuaren Barne Sailarekin sinatutako hitzarmena ezeztatzeko aukera legalak aztertuko ditu Udalak. Honela aipatu zuen uztailaren 1ean, Batzar Nagusi gorabeheratsuaren ondotik, Udalean gehiengoa duen NaBaik. Adierazi zutenez, aholkularitza legala eskatuko dute akordioa baliorik gabe uzteko izan daitezkeen bideak aztertzeko, eta aukera horien artean, berraztertzeko errekurtsoa dago. Honen guztiaren gibelean, «UPNk argitara ematen duen Baztan Informacion boletinean agertu duen jarrera aldaketa lotsagarria eta faltsukeria» dago.
Boletin horretan, komisariaren kokapena Udalaren ekimena dela paratu du UPNk: «Udalak libreki eman du partzela hori, eta horregatik eraikiko da komisaria Elizondon». Beti ere, UPNren idatziaren arabera, «Komisariaren kokapenerako bertze aukera batzuk ere kontuan hartzen zituen Gobernuak, baina Udala izan zen aitzina hartu zuena lurzati hori uzterakoan».
NaBaiko zinegotziak sutan daude UPNkoekin, «ez ditugu ulertzen, orain arte ados egon baitira eta orain desmarkatu egin dira». Beraz, «prozesua geldiarazteko formula bilatzeko gure zerbitzu juridikoak kontsultatuko ditugu». UPNren jarrera ez ezik, bizilagunek proiektuaren kontra egindako agerraldiak ere kontuan hartzen dituztela aipatu zuten. Gobernuak kokapen honen alde egin badu ere, Batzar Nagusiaren ondotik, UPNko zinegotziek uztailaren 22ko plenoan «kokapen horren kontra bozkatzeko prest» daudela adierazi zuten. Batzarrean, Baztanberriko auzotar aunitz bildu zen, bertzeak bertze, Ez egin gauzak altxapean, Entzun herriari! Komisariarik ez zioen pankartarekin.