Foruzaingoaren komisaldegia Elizondon ez paratzeko “aukera legalak” aztertuko ditu Balleko Udalak

ttipi-ttapa 2009ko uzt. 2a, 13:22
Bizilagunek kontzentrazioa egin zuten Balleko Etxearen aitzinean, Juntara sartu aitzinetik. TTIPI TTAPA

Uztailaren 1eko Junta General iskanbilatsuan, UPNren “faltsukeria eta jarrera aldaketa lotsagarria” salatu zuen NABAIk

Elizondoko Baztan Berri auzoan Foruzaingoaren komisaldegia egiteko Nafarroako Gobernuaren Barne Sailarekin sinatutako hitzarmena ezeztatzeko aukera legalak aztertuko ditu Baztango Udalak. Honela aipatu zuten uztailaren 1ean, asteazken eguerdian egin zen Junta General gorabeheratsuaren ondotik, udalean gehiengoa duten NABAIko zinegotziek. Batzarraren ondotik aipatu zutenez, aholkularitza legala eskatuko dute akordioa baliorik gabe uzteko izan daitezkeen aukerak aztertzeko, “UPNk argitara ematen duen Baztan Informacion boletinean agertu duen jarrera aldaketa lotsagarria eta faltsukeria ikusita”.

UPNk dio komisaldegiaren kokapena Udalaren ekimena dela

Boletin horretan, Elizondoko komisaldegiaren kokapena Baztango Udalaren ekimena dela paratu du UPNk, “udalak lekua utzi eta horregatik eraikiko dela komisaldegia Elizondon”. Beti ere, UPNren idatziaren arabera, “Gobernuak bertze kokapenak aztertzen ari zen, baina Udalak hartu zuen Baztan Berriko eremua uzteko erabakia”.

NABAIren ustez, "UPNk jarrera aldaketa lotsagarria" izan du

NABAIko zinegotziak sutan zeuden UPNkoekin, “ez ditugu ulertzen, orain arte ados egon baitira eta orai desmarkatu egin dira”. Beraz, “prozesua geldiarazteko formula bilatzeko gure zerbitzu juridikoak kontsultatuko ditugu”. UPNren jarrera ez ezik, bizilagunek proiektuaren kontra egindako agerraldiak ere kontuan hartzen dituztela aipatu zuten. Nafarroako Gobernuak kokapen honen alde egin badu ere, Junta Generalaren ondotik UPNko zinegotziek “kokapen horren kontra bozkatzeko prest” daudela adierazi zuten.

Baztan Berriko bizilagunen agerraldia

Asteazkeneko Junta Generalera, Baztan Berri auzoko bizilagun aunitz agertu ziren, “Ez egin gauzak altxapean, Entzun herriari! Komisaldegirik ez” zioen pankartarekin. Hasiera batean, komisaldegiaren gaia ez zegoen gai-ordenean sartua, baina eskari-galderen txandan eztabaidatu zen, lau ordu baino gehiago iraun zuen batzarrean. Bizilagunak behin eta berriz agertu dira komisaldegia “Baztan osoan bizilagun gehien dituen” auzoan paratzearen kontra eta horen kontra manifestazioa ere egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun