Inmigrazio programa bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Baztango Udalak eta Bidelagun elkarteak

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 30a

Hitzarmena ez ezik, etorkinendako baliabide gida eta etorkinei harrera egiteko gida aurkeztu dira. TTIPI TTAPA

504 etorkin daude eta kasik hirutik bi Elizondon bizi da

Baztango Udalak eta Bidelagun elkarteak, Udaleko Inmigrazio programa bultzatzeko hitzarmena sinatu dute ekainaren 30ean, astearte eguerdian Baztan Balleko Etxean. Horretaz gain, etorkinendako baliabide gida eta etorkinei harrera egiteko gida aurkeztu dira. Ekitaldian, Martin Garde, Udaleko zinegotzia; Elena Urtasun, gizarte langilea eta Raul Lopez, euskara teknikari izan dira, Bidelagun elkarteko Isidro Herguedas koordinatzailearekin batera.

Inmigrazioari buruzko datu batzuk Baztanen

Baztango Udalaren datuen arabera, Bailaran 504 etorkin bizi dira, hau da populazio osoaren % 6,45. Horietatik 242 Europatik etorriak dira, 220 Amerikatik eta 40 Afrikatik. Gehienak, 347, Elizondon bizi dira. Krisia dela eta, zenbait aldaketa ikusten ari dira gure artean bizi diren etorkinengan. Honela, gutti batzuk beren lurraldeetara bueltatu dira, baina Estatuko bertze probintzietatik etortzen ari dira lan eske, batez ere Mediterraneo aldetik. Modu berean, etorkin berriak sartzen ari dira, batez ere Erdiko Amerikatik. Paperik gabe dauden etorkinak arras egoera larrian daudela ohartarazi dute Bidelagunetik, lanik gabe, sosik gabe eta inongo prestaziorik gabe. Modu berean, krisiak denei eragiten badigu ere, bertakoek familia dute laguntzeko; etorkinek, aldiz, prestazioak akitzen direnean, ez dute inor eta kale gorrian gelditzen dira. Etorkin gehienek paperak dituzte eta kasu batzuetan zortzi eta hamar urte daramatzate gure artean. Nabaria da gero eta integratuagoak daudela: bertako lagunak badituzte, ezagunak dira, bertakoekin ezkontzen dira... Datu hauek guztiak normalizazioaren adierazleak dira. - Baztango Udaleko Inmigrazio Programa bi erronkei aurre egiteko sortu da: alde batetik, beharrean daudenak zaindu eta laguntzeko, eta bertze aldetik elkar ezagutzeko pausoak ematen segitzeko.

22.000 euroko laguntza Udalari

Aurten 22.000 euroko dirulaguntza jaso du Udalak, Nafarroko Gobernuaren bidez, eta Bidelagun elkartearekin sinatuko du hitzarmena, zenbait esime antolatzeko. Honela, bideo lehiaketa eginen da 3. eta 4. mailetako gazteekin immigrazioaren fenomenoa lantzeko, “Bertzearen larruan jarri” izenburuarekin. Kulturarteko astea antolatuko da, baita “Bertze kulturak ulertzen” ikastaroa ere. Biorriko bat ere prestatu da, etorkinen seme-alabei eta familiei zuzendua, jakin dezaten zer ekintzetan parte har dezaketen: musika eskolan, kirol munduan, dantzetan, eta haurrak mugitzen diren hainbat eta hainbat ekitaldietan. Baztandarren Biltzarrean karroza bat prestatzeko asmoa ere azaldu dute.

Giden aurkezpena

Gidak ere etorkinei zuzenduta daude, beren integrazioan laguntzeko; eta bertakoei begira, gako kultural batzuk emateb dira, bertzelako kulturetatik etorritakoak hobeki ulertzeko, azken finean, elkarren arteko ezagutza gerta dadin.
Gida- liburuak bi alde ditu erabat ezberdinak: Lehendabiziko aldea “Guia de recursos para las personas inmigrantes” Baztanera iritsi diren etorkin berriei zuzendua da. Bertan azaltzen dira egin beharreko lehenbiziko urratsak eta informazio orokorra: erroldatzeko, etxebizitza izateko, lana bilatzeko, hezkuntzan, kulturarteko bitartekaritzan, osasun arloan, emakumeei zuzendutako informazioa eta abar. Modu berean, Baztanen ditugun baliabideak erakusten dira. Bigarren aldea, “Etorkinei harrera egiteko gida”, euskaraz dago eta bertako herritarrei zuzendua da. Inmigrazioari buruzko gogoeta batzuk egiten dira, esparrua mugatuz eta immigrazioaren fenomenoa testuinguruan jarriz: zergatik gertatzen den, immigrazioaren arraizoiak ezagutzeko, komunikabideetan saltzen diguten inmigrazioari buruzko diskurtsoari bertze ikuspegi bat bilatzeko, aurreiritziak lantzeko… Bilatzen dena, batez ere, hau da: kritikoak izatea erraten diguten gauza guztiekin eta gure esperientzian oinarritutako pentsamolde bat eraikitzea mamurru ororen gainetik. Aurkepenean aipatu dutenez, “erran behar da, eta berriz indarra egin nahi dugu puntu honetan, bigarren alde hau ez dela lehendabizko aldearen itzulpena. Bi gauza ezberdinak dira”.
Beraz, liburutxoak bi zati ditu. Bi hizkuntzetan. euskarazko aldea, gaztelaniaz irakurri nahi bada, eskuragai da bidelagun.com eta baztan.es web orrietan. Liburutxoa Baztango etxe guztietara iritsiko da postaren bitartez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun