Guztira, 55 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Baztanen, Ziurtagiriaren seigarren banaketa ekitaldian. Horietatik 6k “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila lortu dute; 26k “Zerbitzua euskaraz” maila; eta 23k “Bidean” maila.
Sei urte
Orain dela sei urte Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektuarekin lanean hasi zirenetik Baztanen lortu dituzten emaitzak arras oparoak dira. Azken urte honetan 4 entitate “bidean” mailatik “zerbitzua euskaraz” mailara igaro dira; entitate batek berriz, “zerbitzu euskaraz” mailatik “zerbitzua eta lana euskaraz” mailara pasatzea lortu du. Euskararen normalizazioaren aldeko maila aldaketa horiek gizartearen presioari, abian jartzen diren kanpainei eta Baztanen eskaintzen den laguntza teknikoari zor zaizkio. Maila aldaketa horiek gainera, Bai Euskarari Ziurtagiria lortzen duten entitateei ez ezik beste zenbait entitateri ere eragiten diete, haiei ere zenbait zerbitzu euskaraz eskaintzeko exigitzen zaielako. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua lan munduko agente ezberdinek elkar eragiten duten proiektua da.
Munarriz Hortz Klinikaren adibidea
Elkar eragite horren eta entitateak berak hartutako konpromiso sendoaren adibide da J.M. Munarriz Hortz Klinika. 2004an Bai Euskarari Ziurtagiria lortu zuenean, bertako lau langiletatik bik ez zekiten euskaraz. Orain euskaraz egiten dute eta hizkuntza horretan eskaintzen duten euren zerbitzua ere.
Gaur egun Baztanen gehienak euskal hiztunak dira. Beraz, bertako komertzio, enpresa txiki eta entitateek haratago doazen urratsak ematen hasi behar dute, azken batean, Baztan Euskal Herri osoko hizkuntza normalizazioaren prozesuan gidari izan dadin.
Aldaketak
Baztanen urte batzuk badaramatzate bertako herrietan euskararen erabilera bultzatzen: “55 Ziurtagiri banatu ditugu gaurkoan eta kopurua garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: urtez urte ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena”, adierazi zuen Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak larunbatean Elizondon egin den Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian. Eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak egiten ari diren aldaketak zerrendatu ditu jarraian: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu... Eta akitzeko eskerrak eman dizkie Baztango Udalari, bertako eragile sozialei eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko apustua egin duten enpresa, komertzio eta era guztietako entitateei.
Urratsak ematen segitu
Raul López Baztango euskara teknikariak, Elena Arretxea, Suinki Euskaltegiko arduradunak eta Euskalgintzako ordezkaria, eta Altxuko dendako Koldo Uribe-Etxebarria Gizarte eragileak ere ekitaldian parte hartu dute. Euskararen normalizazioaren bidean, gizarteko agente guztiek urratsak ematen segitu behar dutela azpimarratu dute guztiek.