Komisariarik ez, herriak ez du nahi lelopean, 400 lagunek bat egin zuten Elizondoko Baztanberri auzoko bizilagunek ekainaren 13rako deitutako manifestazioarekin. Manifestazioa komisaria egin nahi den Baztanberri auzotik atera zen eta karrikaz karrika ibili ondotik, Foruen Plazara ailegatu zen, Balleko Etxearen aitzinera.
Miren Karmele Gomez eta Javier Quintanok manifestazioaren akabailan irakurritako komunikatuaren arabera, bizilagunak ez daude ados «Udalak 30 urterako baztandar guziena den lurzati hori Nafarroako Gobernuari doan uztearekin, zertarako eta foruzainen komisaria egiteko». Lur zati hori Baztanberriko auzotarrek utzi zioten Udalari, erabilera publikoa emateko, zerbitzu berriren bat edo orain arte bezala berdegune bezala uzteko, «baina ez zaigu hain komisaria handia egiteko lekurik egokiena iruditzen».
Komisariak Nafarroako ipar-mendebalde osoari zerbitzua emanen lioke, 25.000 bizilaguni. «Horregatik ez dugu ulertzen 3.200 bizilagun dituen herri bateko auzorik jendetsuenean paratzea».
Auzotarrak kontent gelditu ziren deialdiak izandako erantzunarekin, «jende gazte aunitz zegoen, espero genuen bezalaxe». Hemendik aitzinera komisariarekin gertatzen dena zorrotz begiratuko dutela aipatu zuten bizilagunek, hain zuzen, uztailaren 1eko Batzar Nagusian aztertuko den gaietako bat izanen baita. Komunikatua irakurri ondotik, jendeak txalo egin eta «herriaren hitza errespetatu» oihukatu zuen.
Bertzalde, aipatu, dagoeneko 800 sinadura bildu dituztela komisariaren kontra.
Parlamentuan eztabaidagai
Astelehen honetan akitzekoa zen komisariaren proiektua idazteko kontrataziorako eskaintzak aurkezteko epea eta asteartean Nafarroako Parlamentuan gaia aztertzekoa zen. Aipatu, bertzalde, joan den ortziralean, Baztaberriko auzotarrak Udalarekin bildu zirela.