Ikastetxe guztietan ikasturteari adio erran diote ikasleek. Urte osoan, lan gogorra egin ondotik, ongi akitu nahi izan zuten eta hainbat besta eta ateraldi egin zituzten. Ikasleak nekatuak, nerbiostuak, airetuak ibili ziren azken lanei bukaera emanez. Orain, ordea, bateriak kargatzeko tenorea da, hurrengo irailean gogotsu hasteko. Ongi pasa uda!
Lekarozko institutura bisitak
Herrietako eskoletako, San Francisco Javier ikastetxeko eta Baztan Ikastolako 6. mailako ikasleek ekainean bisita gidatuak egin zituzten Lekarozko instituturat. 2009-10 ikasturtean euren ikastetxe berria nolakoa izanen den eta nola funtzionatzen duen ezagutzeko aukera izan zuten. Agustin Olabe zuzendariak harrera egin zien. Hasierako solasaldian ikasketen ezaugarriak, ordutegia, ikasgaiak… azaldu zizkieten. Ondotik, Ana Etxeberria orientatzailearekin, instalazioak bisitatu zituzten: musika gela, teknologia gela, ikasgelak, liburutegia… Ikasleak kontent, urduri eta aldi berean ilusioz atera ziren, heldu den ikasturtean ikastetxe berrirat gan beharko dutelakoz.