San Juan suen ondotik, hondar egunean sartu dira Arizkungo bestak

ttipi-ttapa 2009ko eka. 24a, 12:10
San Juan suak eta emakumearen inguruko antzerkia eta kantaldia, Arizkungo plazan. TTIPI TTAPA

Emakumea gaitzat zuen antzerkia eskaini zuten eta Mikel Laboaren kantuak abestu

San Juan bezperako su, ezkil-jotze eta antzerkien ondotik, ekainaren 24an, San Juan egun handia eta aldi berean, bestetako azkena ospatuko dute Arizkunen. San Juan bezperan, arratseko 21:30ak aldera hasi ziren suak pizten. Hori baino lehenago dantzak izan ziren plazan. Jendea, Txuputo eta Larrain karriketan suaren gainetik saltoka zebilen bitartean, ezkilak etengabe jo zituzten Arizkungo elizan.

Antzerkia eta Mikel Laboaren kantak plazan

Berriz ere plazan, antzerki eder eta hunkigarria eskaini zuten arizkundarrek. Emakumea hartu zuten gaitzat, emakume biziemailea, emakume ama, emakume amatxia, emakume langilea… Aldi berean, Mikel Laboa ere gogoan izan zuten eta bere kantu hunkigarriekin hornitu zuten antzerki emanaldia. Plazan bildu zen jendea kantari, ilunpetik agertu ziren Iturengo joaldunak bere zuziekin… Aski jaialdi ederra eta gozagarria izan zuten Arizkunen.

San Juan Eguna

Arizkunen San Juan Eguna izanen dute bestetako hondar eguna. 11:00etan Meza Nagusia izanen dute. Eguerdian, mutildantzak, sokadantza eta herriko luntxa. Arratsaldez, 17.00etan, herriko pilota txapelketako eskuz banakako finala jokatuko da. Segidan, tortilla patata lehiaketa eta bertso poteoa izanen dute. Arratsean dantzaldia Agerralderekin, Mutildantza eta gaita eta goizaldean Gaixoa Ni eta txopo botatzea, bestak akitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun