Elizondoko Zahar Etxeko kudeaketa enpresa baten esku utziko dela salatu du Langileen Komiteak

ttipi-ttapa 2009ko eka. 23a, 11:41
Duela aste batzuk agerraldia egin zuten Zahar Etxeko langileek, bere egoera salatzeko. TTIPI TTAPA

Juntak akordioa lotu omen du Idea-Innovación enpresarekin

Elizondoko Francisco Joaquin iriarte Zahar Etxea kudeatzen duen Juntak gestioa enpresa baten esku uzteko akordioa lotu du Idea-Innovación enpresarekin. Honela salatu du idatzi baten bidez Langileen Komiteak (ELAko 3 ordezkari eta LABeko 2). Zahar Etxeko junta Baztango udaleko 3 pertsonek, Gartzain eta Elizondoko apaizek, eta Aniz-Irurita-Elizondo-Arizkuneko kuarteletako ordezkari banak osatzen dute.
Langileen Komiteak oroitarazi duenez, Zahar-Etxe honek betidanik funtzio publikoa izan du, bere sorreran, orain 150 urte, miserikordioa etxea zelarik. Betidanik Baztango jendea, batipat agureak eta jende behartsua zaintzeko helburua izan du etxe honek eta “orain bapatean enpresa pribatu baten eskuetan utzi nahi dute zahar-etxeak dituen zorrak argudiatuz”.

Ixilpean

Azken urteetan, ixilpean zerbait prestatzen ari zirelaren susmoa omen zeukaten langileek, batipat “behin eta berriro (zehazki hiru aldiz) alkatesarekin biltzeko asmoari erantzun ere egin ez zutenean”.
Langileen ustez, “prozesu guztia ixilpean egin dute, inork deus ere jakin gabe, ez langileek, ez, agureek eta ezta Baztango alkate-juradoek. Ezin dugu ahantzi Baztan guztiko agureak zaintzen direla zahar etxean eta beraz denen ardura dela zahar-etxe horren etorkizuna”.

Maiatzaren 20an lehenbiziko bilera

Maiatzaren 20ra arte langileek ez zuten deuseren berririk izan, bilera batera bezperan deitu eta bertan erran baizitzaien gestioa pribatizatu behar zutela Bertse informaziorik ez dute izan joan den ortzegunera arte, “Han bertzeak-bertze erran ziguten langileak uztailaren batetik aintzinera pasako zirela enpresa horretara”.
Gauzak han ixilpean egin denez, langileek “susmoa dugu akordioan gorde nahi duten zerbait izatea eta dena erraten ez diguten bezain garbia izatea”. ELA-LAB sindikatuei zalantza eta galdera aunitz sortzen zaizkie: “Zahar-etxeak zorrak baditu eta kontratuak irauten duen 5 urteetan irabaziak atera behar badituzte nola lortuko dituzte? Kalitatea jeitsiz? Prezioak igoz? soldatak jeitsiz? “.

Protestekin segituko dute

Horrelako milaka galdera sortzen zaizkie eta horregatik pribatizazioaren aurka daude, “ezin delako Baztango eraikin historiko bat irabaziei begiratzen dien enpresa baten eskuetan utzi. Langileen lan baldintzek, agureen egoerak, eta oro har ematen ari den zerbitzu publikoen pribatizazioek arduratzen gaituelako”, langileek protestan segituko dutela adierazi dute, “ez gaudelako pribatizazioaren alde eta ezta juntak izan duen jokaerarekin ados”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun