Urte batzuk pasatu dire Elizondoko Santiago karriken Foruzaingoen komisaria edeki zenetik. 2006ko abenduen adostu zuten Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak komisaria berri hunen kokapena. 2007ko otsailean inauguratu zuten Baztan-Bidasoa eta Ultzama eskualdeko biztanleak zelatatzeko erabili den bulegoa. Orain 2010rako Foruzaingoaren Kuartel berri bat egin nahi dute Elizondon. Egitasmo hunen aitzinean, Baztango Ezker Abertzaleak hauxe adierazi nahi du: 1.- Baztan bailara sobera militarizatue dago eta polizi gehiago ekarri izanak orain arteko presio polizial zapaltzailea haunditzea bertzerik ez du ekarri. Polizi gehiago ekarri izanak mehatxuak, isunak, jarraipenak, kontrolak, erasoak….. errepresio forma guziek haunditu ditu. Foruzainak izan baitire gazte bat «viva españa» ohikutzera derrigortu dutenak. Foruzainak ere bertze bati ikur abertzale bat soinetik kenarazi diotenak, eta Foruzainak berriz bestatik heldu zen gazte bat zanpatu dutenak. Foruzainek, Guardia Zibilek eta Polizi Nazionalek helburu bera dute, bertzeak bertze: gazteak kontrolpean izan, izitu eta desmobilizatu. 2.- Gazteek jasaten duten zapalketa bortitzez gain, eraso faxistak haunditu dira denean barna. Hainbat erakunde, herri ekimen, zein pertsona arruntak (hain zuzen, giza eskubide eta justizia sozialaren alde ari direnak) orain arte sekula ikusi ez den neurriko erasoa pairatzen ari dire. Erasotzaileek beren begi miran eta mehatxupean jarri dituzte etorkin, abertzale, errepublikar, kazetari, alkate, historialari, langile, zinegotzi eta abar. Azken erasoak Irurita eta Arraiozen izan dire, aintzinetik guttienez Bera eta Donezteben. Ez da harritzekoa eraso faxista hauek orain eta inpunitate osoz gertatzea. Betitik eskutik hartuak ezagutu ditugu indar polizialak eta erasotzaile faxista inkontrolatuak. Kontrolatutako inkontrolatuak izan direlako erasoen egileak. Eta hemen inoiz baino polizi gehiago dugun huntan indartsu eta babestuta ikusten dute beren burue. 3.- Baztango Udal Gobernuaren eskariari segituz, foru poliziak agertuz geroztik, Ezker Abertzaleak bere ezadostasuna agertu du. 2007ko otsaileko inaugurazio ekitaldian protestatzeagatik Ezker Abertzaleko hainbat militanteri isunak paratu zitzaizkien. Agerikoa da gure herrietara polizi gehiago ekartzea arazo iturri gehiago ekartzea bertzerik ez dela. Deus konpondu ez eta gainera bizikidetza gaixtotu egiten baidute. Kuartelaren kontrako ekimenak astebeteko epean 700 sinadura bildu dituenean udal agintariek jakin beharko lukete ezinezkoa dela holako proiektua herritarrei bizkarra emanez gauzatzea. Eta herritarren iritziaren kontra ez dela posible kuartel bat egiteko lurrak 30 urtez Nafarroako Gobernuari uztea. Hunengatik guziarengatik Ezker Abertzaleak bat egiten du Foruzaingoen Kuartelaren kontra sortu den herri ekimenarekin. Garbi adieraziz ez Elizondon, ez Baztanen, ez inon ere, ez dela herritarrak erasotzen duen poliziaren beharrik. Zorionak eman kuartelaren kontra buruturiko ekimenengatik. Elkartasuna adierazi eraso faxistak pairatutako guziei eta jakinarazi Baztango Ezker Abertzalearen babesa dutela eta izanen dutela hemendik aitzinera ere. Adierazpenarekin batera eskaera hauek luzatu nahi ditugu: -Baztango Udala, eta hau zuzentzen duen NaBaiko udal taldeari, lehenbailehen, abiatutako pausuetan gibelera egin dezan, herriarena den lur eremuaren zesioaren inguruan hartutako erabakia zuzendu eta herritarren artean sortutako kezka eta asaldura baretu dezala. -Baztango UPNri, Estatu Espainolak diseinatutako politika errepresiboaren betetzean duen arduraz hausnartu eta gibelera egin dezan. -Baztango herritarrei, orain arte bezala, mobilizatzen segitzeko eskatzen diegu. Eta parte hartu dezatela bidegabekeria berri hauen aitzinean burutuko diren mobilizazio, agerraldi eta bertzelako ekimenetan.
Karlos Beristain
Baztango Ezker Abertzalea