Baztan Berri auzoan komisaldegirik ez egitea eskatu zuten 400 lagunek Elizondon

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 15a

TTIPI TTAPA

Elizondoko auzo hori Baztango populatuena dela jakinarazi zuten

“Komisaldegirik ez, herriak ez du nahi” lelopean Elizondoko Baztan-Berri auzoko bizilagunek deitutako manifestazioarekin 400 lagunek egin zuten bat larunbatean. Manifestazioa, hain zuzen, komisaldegia egin nahi den Baztan-Berri auzotik atera zen eta bizilagunen erranetan, “Baztan osoko populazio-indize handiena duen auzoa” izateaz gain, “eremu dotazionalean” egin nahi da komisaldegia.

800 sinadura

Komisaldegiaren kontra 800 sinadura bildu zituzte auzotarrek eta garbi utzi nahi dute “ez daudela foruzaingoaren kontra, aukeratutako lekuaren kontra baizik”. Manifestazioa karrikaz karrika ibili ondotik, Foruen Plazara ailegatu zen, Balleko Etxearen aitzinera.

«Ez da hain komisaria handia egiteko lekurik egokiena»

Miren Karmela Gomez eta Javier Quintanok manifestazioaren akabailan irakurritako komunikatuak zioenez, bizilagunak ez daude ados “Baztango Udalak 30 urterako baztandar guziena den lurzati hori Nafarroako Gobernuari doan uztearekin, zertarako eta foruzaingoaren komisaria egiteko”. Lurzati hori Baztan Berriko auzotarrek utzi zioten udalari, erabilera publikoa emateko, zerbitzu berriren bat edo orain arte bezala berdegune bezala uzteko, “baina ez zaigu hain komisaria handia egiteko lekurik egokiena iruditzen”.

25.000 bizilaguni zerbitzua

Komisaldegiak Nafarroako Ipar Mendebalde osoari zerbitzua emanen lioke, 25.000 bizilaguni. “Horregatik –diote bizilagunek– ez dugu ulertzen 3.200 bizilagun dituen herri bateko auzorik jendetsuenean paratzea”. Baztan Berriko auzotarrak kontent zeuden deialdiak izandako erantzunarekin, “jende gazte aunitz zegoen, espero ginuen bezalaxe”. Hemendik aitzinera komisaldegiarekin gertatzen dena zorrotz begiratuko dutela aipatu zuten bizilagunek, hain zuzen, uztailaren 1eko Junta Generalean aztertuko den gaietariko bat izanen baita. Komunikatua irakurri ondotik, jendetzak txalo egin eta “Herriaren hitza errespetatu” oihukatu zuen.

Ekainaren 22an akituko da komisaldegiko proiektua idazteko kontrataziorako eskaimtzak aurkezteko epea eta lanak egiteko 12 hilabeteko epea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun