“Komisariarik ez, herriak ez du nahi” lelopean manifestazioa eginen da larunbat honetan, ekainak 13, Elizondon. Nafarroako Gobernuak Baztanberri auzoan Foru Poliziaren komisaria berria eraiki nahi du eta proiektua geldiarazteko asmoarekin egin dute deialdia auzotarrek, «ezaugarri horiek dituen komisaria bat ez delako auzotarrek eskatutako zerbait», asteazken arratsaldean komisaria eraiki nahi den eremuan egindako agerraldian aipatu zutenez. Bizilagunek ezadostasuna agertu zuten Baztango Udalak Nafarroako Gobernuarekin sinatu berria duen 30 urteko lankidetza-hitzarmenarekin eta Elizondoko batzarraren babesa dutela azpimarratu. Orube horren zati bat bere garaian Baztan Berriko auzokideek Udalaren esku utzi zuten, “pentsatuz, erabilera publikoa emango zitzaiola (hala nola, kutsu lokaleko zerbitzu bat jarriko zela bertan, edota orain arte bezala, zona berde gisa mantenduko zela). Hau dela eta, ez dugu uste hau toki egokia denik tamaina handiko komisaldegi bat eraikitzeko”.
Baztango Udalak erantzunik ez
Bizilagunen erranetan, Baztango Udalak “ez du entzun izan nahi proiektuarekiko dugun oposizioa; era berean, lur eremuaren zesioa bertan behera uztea eskatu da bai Elizondoko alkate juradoaren eskutik, bai Komisio honen eskutik, eta Udalak ez du inongo erantzunik eman nahi izan”. Lur eremu hori orain arte bezala gelditzea eskatzen dute eta gainera, uste dute “horrelako komisaldegi bat ez dela beharrezkoa Baztanen, zerbitzu hau betetzen baita egun dauden inguruko komisaldegiekin: Elizondon, Oronozen, Urdazubin daudenekin, errate baterako”.
Bertze zerbitzuei lehentasuna
Bertze zerbitzu batzuei lehentasuna eman beharko zitzaiela azpimarratu ondotik, bizilagunek ez dute ulertzen “zer nolako interes politiko, ekonomiko edo zein izaeraetakoak darabiltzaten Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuak, gisa honetako komisaldegi bat jarri nahi izateko, aipatutako auzo jendetsuenean. Oraindik, ez dakigu zeren truke egin den zesioa nahiz eta musutruk egin dela saldu nahi izan diguten. Edozein kasutan ere, denborak utziko du dena agerian”.
Larunbat arratsaldeko 17:00etan Baztanberri plazatik
Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Baztanberri plazatik eta ondoko ibilbide hau eginen du: Braulio Iriarte karrikan barna, Santiago Karrikara joanen da, handik Francisco Javier Iriarte karrikara, eta Giltxaurdi eta Pedro Axularren barna Foru Plazara ailegatuko da. Han akituko da manifestazioa.