www.bertanbaztan. com. Horixe da Bertan merkatari, zerbitzu eta ostalaritza elkartearen Interneteko atari berria. Maiatzaren 26an, Arizkunenean emandako prentsaurrean bi ekimen berri aurkeztu zituen eta horietako bat web orri berria izan zen. Horrekin batera, 2010eko egutegiko argazkiak lortzeko baliagarria izanen den argazki lehiaketa ere bai. Aurkezpen ekitaldian, Virginia Aleman alkatearekin batera, zuzendaritza batzordeko kideak izan ziren, Mari Jose Alaña presidentea, Ana Goñi bokala eta Jaime Biguria idazkaria. Interneteko ataria eguneratzen joateko asmoa du elkarteak, Baztanetik kanpora elkartea ezagutarazteko eta merkatuak irekitzeko aukera emanen duelakoan. Etorkizunean komertzio elektronikora eta produktuak on-line saltzera ere ailegatzen ahal dela nabarmendu zuten aurkezpenean. Web orrira bisitak bultzatzeko halako lehiaketatxo bat ere prestatu dute eta ekaineko lau asteetako bakoitzean akatsen bat sartuko dute web orriko txokoren batean. Akatsa topatzen duenak info@bertanbaztan.com era igorri beharko du eta astero, Bertaneko komertzioetan erosteko eginen den 50 euroko balearen zozketan sartuko da. Bertan I. Argazki Lehiaketari dagokionez, 2010ean elkarteak aterako duen egutegirako argazkiak lortzea da helburu nagusia eta lehiaketa herrikoia egin nahi dute. Lanak ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira eta sari politak izanen dituzte hiru lehenbizikoek: 400, 200 eta 100 euro, elkarteko 75 komertzioetako edozeinetan erosketak egiteko. Argazkiendako gaia Baztango natura izanen da: paisaiak, errekak, mendiak, basoak, animaliak, landareak… Euskarri digital eta fisikoan aurkeztu beharko dira, eskura astelehenetik ortziralera (9:00-14:00) edo honako helbidera bidalita: Bertan Elkartea – I. Argazki Lehiaketa, Arizkunenea Kultur Etxea Jaime Urrutia 14 – 31700 ELIZONDO. Argazki guziak web-orrian eta abuztuan eginen den Bertan Eguneko erakusketan ikusgai izanen dira.