Francisco Javier Iriarte zahar-etxearen gestioa enpresa pribatu baten esku uztekotan dago Udala, eta horrek kezka eragin du langileen artean. Horren inguruan, ekainaren 2an prentsaurrekoa eskaini zuen LAB ordezkariak: «sei hilabetez informazioa eskatzen aritu gara eta joan den maiatzaren 20ra arte ez digute erantzun. Orain, zahar-etxea kudeatzera enpresa pribatu bat sartu nahi dutela badakigu, baina gehiago deus ere ez, eta salatu nahi dugu Udala eta erresidentziako junta aldaketak isilpean egiten ari direla, azalpenik eman gabe». Horrela azaldu zuten Andone Garde eta Garbiñe Elizalde LABeko ordezkariek. Aipatu zutenez, oraingoz, erantzunik gabeko galdera aunitz dituzte: «zeinen esku geldituko da zahar-etxea? Zergatik oraindik zein den ez dakiten enpresa hau, eta ez bertze bat? Lehiaketarik egin al da? Zer gertatuko da langileekin? Lan baldintzak mantenduko al dira? Eta zaharrekin zer geretatuko da? Zenbat kobratuko zaie hemen bizitzen segitzeagatik?». Udalak langile guziek lanean segituko dutela erran omen du, baina horrek ez ditu lasaitu langileak, ez baitakite etorkizunean zer gertatuko den. Lan hitzarmen berria zeinekin negoziatu beharko duten ere galdetu zuten: «juntarekin edo enpresa berriarekin?» Hilabete bukaeran bilera baterako deitu dituzte, baina enpresa berriko pertsona bat bizpahiru egunez kudeaketa lanean ibili dela azaldu zuten langileek, baita bere garaian zahar-etxe modernoenetarikoa zena, zaharkitua gelditu dela nabarmendu ere: «aulki gurpildun batzuk ez dira ateetatik sartzen eta batzutan ordu erdiz esperoan egon behar izaten dugu grua erabiltzeko». Erresidentziaz egin diren azken bi txostenetan gauzak «beltz» jarri zituztela nabarmendu zuten langileek, baina euren hitzetan, «egoera kaxkarra ez da oraingoa».