Komisariarik ez, herriak ez du nahi lelopean manifestazioa eginen da larunbat honetan, ekainak 13, Elizondon. Nafarroako Gobernuak Baztanberri auzoan Foru Poliziaren komisaria berria eraiki nahi du eta proiektua geldiarazteko asmoarekin egin dute deialdia auzotarrek, «ezaugarri horiek dituen komisaria bat ez delako auzotarrek eskatutako zerbait». Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Baztanberri plazatik eta ondoko ibilbide hau eginen du: Braulio Iriarte karrikan barna, Santiago Karrikara joanen da, handik Francisco Javier Iriarte karrikara, eta Giltxaurdi eta Pedro Axularren barna Foru Plazara ailegatuko da. Han akituko da manifestazioa.