Ekainaren 8an, astelehen goizeko 10etan Baionan karrikan zihoala odol isuri bat izan eta karrikan bertan hil zen Kepa Arizmendi elizondarra. Urte asko zeramatzan Kepak iheslari politiko bezala Lapurdin bizitzen. Keparen gorpua une hauetan Baionako belatokian aurkitzen da. Oraindik ez dakigu nola emango zaion azken agurra.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren gogoeta
Une latz hauetan Amnistiaren Aldeko Mugimendutik Keparen senide eta hurbilekoei bere berotasuna eta babesa adierazi nahi izan die. AAMren arabera, “ehundaka izan dira azken urteotan torturatuak eta espetxeratuak izatea ekiditearren beraien sorterritik ihes egin beharrean aurkitu diren euskal herritarrak. Egun munduan zehar barreiaturik daude ehundaka iheslari politiko, herritik urrun, asko baldintza gogorretan eta poliziaren presiopean bizitzen. Asko dira halaber Euskal Herrian bertan iheslari politiko bezala bizi direnak ere”. Iheslarien aurkako jazarpenak ez duela etenik izan salatu du Amninistaren Aldeko Mugimenduak eta ugariak izan dira munduko herrialde ezberdinetan atxilotuak izan ondoren espainiar polizien edo epaileen esku utzi dituztenak. Momentu honetan gogora ekarri nahi izan du AAMk “pasa den abenduan bertan Juan Mari Mujika iheslari politikoa bahitua izan zela polizien eskutik. Ezin aipatu gabe utzi oraindik orain desagertua jarraitzen duen Ion Anzaren kasua”. Iheslari politikoak espainiar errepresioaren jomugan jarraitzen dute, eta presio honek eta sorterritik kanpora bizi beharrak eragin nabarmena du iheslarien osasun egoeran, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez. “Une honetan ozen aldarrikatu nahi dugu euskal iheslari politikoek euskal herrian libre bizitzeko duten eskubidea”. Akitzeko, Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egiten dute heriotza honen aurka protesta egiteko antolaturiko diren mobilizazioetan parte hartzera.
Ezaguna Baztanen
Kepa Arizmendi aski ezaguna zen Baztanen. Errate baterako, Xorroxin Irratiaren logotipoa berak marraztutakoa da. Ortzeguna arte Baionako beilatokian edukiko dute bere gorpua eta gero erraustu eginen dute. Baztanen ere ekitaldiren bat egiteko asmotan dabiltza eta hori zehazten denean, emanen dugu berri zabalagoa.