Baztango hiltegia, aski da!

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 5a

Badira 12 urte Baztango hiltegia ireki zenetik, egitasmo zehatzik gabe eta hasierako indefinizio eta inertzien ondorioz herritarrendako zerbitzu publiko bat polliki hiltzera utziz. 12 urteren ondotik egoera ez da gehiago jasaten ahal, horregatik, zirt edo zart egiteko tenorea ailegatu da. Hiltegia irekitzerakoan Europatik hiltegi ttikiak itxitzeko legea ailegatu zela kontuan hartu behar da, eta horrela, eskualdean zeuden hiltegi ttikiak itxi eta Baztango Loizu hiltegia ireki zen. Hasierako planteamendu eskasaren ondorioz, hiltegia haziendak hiltzeko bertzerik ez zen diseinatu, puskatzeko zerbitzurik gabe. Gainera aratze/behiak eta ardi/bildotsak hiltzeko lineak jarri baziren ere, zerriak hiltzeko linearik ez zen jarri. Aintzinekoa gutti ez, eta hiltegia sanitateko arauak bete gabe ireki zuten: odola egosteko sistema, ur zikinak bereiztekoa... Halaber, eraikuntzaren kalitate eskasa aipatu behar da: zola aratzeen atzaparrekin zulatzen zen, paretak ahulak eta hauskorrak ziren... Geroztik hiltegia beti itxitzeko puntuan egon da, eta Udaletxeak egin dituen inbertsioak zuloak tapatzeko petatzuak bertzerik ez dira izan. Nolanahi ere, hiltegia egin eta Udaletxea haren jestioaz atzendu zen. Horrela hiru langileren artean autonomo modura hartu genuen, baina hiltegia errentan hartzeaz gain, mantenuaren eta lana bilatzearen lana osorik gure gain utzi zuten. Horrela ez zitekeela segi eta kontratua akitu baino lehenago hiltegia uztea erabaki genuen. Azkenean, gora-behera batzuen ondotik Baztandarra Kooperatibak hiltegiaren jestioa bere gain hartu zuen, eta guk autonomo gisa lanean jarraitu genuen, ahozko kontratu batekin. Pentsa! Baztandarra Kooperatibak hasieran "Baztangoa" markaren inguruan zerbait egiteko gogoa bazuen ere, azkenean ez da deus aintzinatu, eta lehengo arazoak bere horretan jarraitzen dute. Hala ere, egoera bihurri honetan hiltegiaren potentzialitatea zenbaterainokoa izaten ahal den ikusi dugu, zeren nahiz eta puskatzeko prestaturik ez egon nere aldetik zerbitzu hau ehunda baserritar eta herritarrei eskaini diot, legeek, erakundeek eta gure mugek aski erratera bulkatu didaten arte. Egoera ez da gehiago jasaten ahal, laneko giroa eta baldintzak gaiztotzen ari dira; Udalaren aldetik ez dago apustu garbirik, Kooperatibak ez daki zer nahi duen... Eta inork ez badu deus egiten, azkenean itxiko da. Baina erran dudan moduan, hiltegiak animaleko potentzialitatea du, baldin eta zerbitzu publiko baten gisara pentsatzen bada; baldin eta Udaletxeak eta Kooperatibak horretan sinesten badute, eta dudarik gabe, baldin eta baserritar, herritar, nekazal sindikatu eta harakinek bat egiten badugu. Beharrezkoa da hiltegiari buruzko eztabaida bulkatzea eta horren araberako erabaki hartze prozesu serioa hastea. Hiltegiak zerbitzu publiko bat izan behar du, eta lehen sektorea bulkatzen laguntzeko azpiegitura estrategikoa. Orain edo inoiz ez.

Isaak Rekalde
Hiltegiko langilea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun