Elizondar baten eskutitza Javier Caballerorentzat

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 5a

25.659 herritar artatzeko komisaria ez da 25.659 biztanle dituen herri batean eraikiko, elkarbizitza eta tradizio arazoak eta loturak dituen herri haundi batean, herri haundi bateko auzotar batzuen mentalitatearekin. Aitzitik, Elizondo bezalako herri batean egin nahi da, 3.200 biztanle erroldatu eta Elizondori dagozkion lotura eta elkarbizitza arazoak dituen mentalitate elizondarra duen herri batean. Eta baztandarren mentalitatea (8.089 herritar) ere kontuan hartu behar da, polizia eta guardia zibilaren kokaleku berri eta haundiagoekin sentiberak baitira, dagoeneko herritar bakoitzeko dagoen polizia eta guardia zibilaren portzentajea arras altua delako. Hanka sartzeko beldurrik gabe, erran genezake, 3.200 herritarrok ez dugula 25.659 lagunentzako komisariarik eraikitzeko eskatu. Hau Nafarroako Gobernuak erabaki eta eskatu du (Nafarroa 2012 Plana: lehentasunezko 90 proiektu). Nire ustez, komisaria ‘16. poligonoko 749 partzelan’ eginen balitz, ez litzateke auzo moderno eta Baztango haurrik gehienak biltzen diren auzoko komisaria izanen, «komisariaren auzoa» bihurtuko litzateke: horrek inguruko harreman eta elkarbizitza baldintzatuko luke. Caballero jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria: herritarrengandik hurbilagoa egon eta zuzenagoa izanen den zerbitzu bat izanen dela errateak ez digu sobera balio. Edozein kasu­tan, Elizondoko 3.200 herritarrentzako zerbitzu zuzena izanen litzateke, baina, eta Lantzekoentzat? Eta Goizuetakoentzat? Eta Berakoentzat? Eta Ezkurrakoentzat? Horri deitzen diozu zuk atentzio zuzena? Ikus dezakezunez arrazoi hori nahiko eztabaidagarria da. Gainera, komisaria haundi baten kokapena auzotarrek 30 urte baino gehiagotan (hori konta dezakeenak; batzuk adinean aitzinerago joanak gara) sentituko dutena ezagutu eta inporta izan gabe erabakitzen bada, hau da, auzotarrei informaziorik eman gabe, aitzinetik guttieneko inkestarik egin gabe edo inguruan iritziaren azterketarik egin gabe, kasu honetan auzotarren artean piztu diren sentimenduak eragiteko arriskua dago: inpotentzia, dezepzioa, tristura, engainua, izugarrizko mesfidantza gure udal ordezkariekiko, eta neurri batean irainaren sentimendua ere bai. Hau zen lortu nahi zena? Berehalako eta behartutako manifestazio bat egitera bultzatzea? Alkatearen eta bere Udal Gobernu Taldearen jardunaren ingu­ruan kritika eta salaketa zabaltzea zen kontua? Baztandar aunitzentzat nagusikeriaz jokatu du, gardentasunik gabe, auzotarrek kontua gehiegi zabal ez dezaten kontu haundiz, hau da, bizkarra emateko trebetasun haundiarekin, proiektu eta erabakien prozesutik guztiz bazterrera gelditzeko. Caballero jauna, ez ditugu alkatea eta bere Udal Gobernu Taldea –honek ere gaizki interpretatu baitu auzotarren erreakzioa– errudun bihurtu nahi. Nafarroako Gobernuak gaia berriz planteatzea da nahi duguna.

Javier Quintano Elizondo

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun