Iruritako Salbatore bestetako eszenatokia eta karpa kentzen ari ziren 25 bizilagun identifikatu zituen Goardia Zibilak joan den astean Baztango herri honetan. Goardia zibilek ikurriña, Arrano Beltza zuen ikurra eta presoen aldeko banderola bat eraman zituen, eta Arrano Beltza ikur ilegal bat zela argudiatuz han bildutakoen kontra Auzitegi Nazionalean ikerketa bat martxan jarri zezakela jakinarazi zuten. Txosten bat bidaliko zutela aipatu zuten, mehatxu gisa. Polizi operatibo honetan Goardia Zibilaren 5 ibilgailuk hartu zuten parte, herriko plaza guztiz okupatuz.
Eraso faxisten ikerketak
Azkenaldi honetan, Baztanen eraso faxistak eman dira, bata bertzearen ondotik. Ikerketa polizialak abian jarri direla aipatu dute, baina horien inguruan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, “ez dakigu ezer, Goardia Zibilak ez du deus egin, baina herritarren aurka egitea tokatzen denean azkar eta presaka egiten dute. Faxistak inpunitate osoz ibiltzen diren bitartean, jaiak antolatzen ibiltzen direnei oztopoak eta jazarpena. Orain Arrano Beltza, Nafarroako ikurra izan dena, ilegalatzat jotzen dute. Goardia Zibila ez da herri honetako indar poliziala, eta hori berriz ere agerian geratzen horrelako ekintzekin”. Amnistiaren aldeko Mugimenduak dioenez, “ez dituzte gure eskubideak errespetatzen, ezta gure ohiturak ere. Horrexagatik, alde egin dezatela. Ez ditugu nahi, ez ditugu behar!”.