Larunbat honetan, ekainaren 6an, Euskal Herriko VIII. Albokarien Topaketa eginen da Arizkunen, Nafarroako Albokariak elkarteak antolatuta.
Goizeko 11:00etan albokarien elkarretaratzea eginen da. 11:30ean karrikaz karrika ibiliko dira albokariak eta 13:00etan alboka emanaldia izanen da. Arratsaldeko 14:30ean herri bazkaria izanen da eta bazkarirako txartelak 10 euroan salgai daude Elizondoko Intza ostatuan, baina Arizkunen bertan ere izanen dira.
Arratsaldeko ekitaldiak
Bazkalondoan ere segida izanen dute ekitaldiek. 16:30ean haurrendako ekitaldiak izanen dira. 17:30ean Baztango mutildantzak eta Muxikoak eta Euskal Herriko Albokarien Topaketa akitzeko, 18:30ean, folk kontzertua eskainiko dute Pan de Capazo eta Hungariako Igrizek taldeek.
Lehen aldiz Nafarroan
Nafarroako Albokariak taldeko Endikaren erranetan, gure inguruan kasik desagertua izatetik, musika-tresna zabaldua izatera pasatu da. Aurten zortzigarren edizioa beteko du Albokari Topaketak, baina lehen aldia da Nafarroan ospatzen dena.