Elizondoko Zahar Etxearen kudeaketa enpresa pribatu baten esku utzi nahi dutela salatu dute langileek

ttipi-ttapa 2009ko eka. 3a, 14:44

Langileek astearte arratsaldean emandako prentsaurrean. TTIPI TTAPA

Balleko Udalak eta juntak aldaketak ixilean egiten ari direla adierazi dute

Baztango Udala Elizondoko Francisco Javier Iriarte zahar-etxearen gestioa enpresa pribatu baten esku uztekotan dagoela eta, orain arte langileei ez diola deus erran salatu zuen LAB sindikatuak astearte arratsaldean emandako prentsaurrean, “Sei hilabetez informazioa eskatzen ari gara eta joan den maiatzaren 20ra arte ez digute erantzun. Orai, Zahar Etxea kudeatzera enpresa pribatu bat sartu nahi dutela badakigu, baina deus gehiago eta salatu nahi dugu Balleko udala eta Erresidentziako junta, aldaketak ixilpean egiten ari direla, azalpenik eman gabe” zioten Andone Garde eta Garbiñe Elizaintzinek.

135 xahar zaintzen dituzte 55 langilek

Francisco Joaquin Iriarte Erresidentziak 150 urte bete zituen 2008an eta gaur egun 135 xahar hartzen ditu eta 55 langile ari dira. Langileek aipatu zutenez, oraingoz, erantzunik gabeko galdera aunitz dituzte: “Zeinen esku geldituko da Zahar Etxea? Zergatik oraindik zein den ez dakiten enpresa hau eta ez bertze bat? Lehiaketarik egin al da? Zer gertatuko da langileekin? Lan baldintzak mantenduko al dira? Eta xaharrekin zer geretatuko da? Zenbat kobratuko zaie hemen bizitzen segitzeagatik?” Balleko Etxetik langile guziek lanean segituko dutela erran badiete ere, horixe da hauen kezka nagusia, ez baitakite etorkizunean zer gertatuko den. Lan hitzarmen berria zeinekin negoziatu beharko duten ere ez dakite argi, juntarekin edo enpresa berriarekin. Hilabete bukaeran bilera baterako deitu badituzte ere, enpresa berriko pertsona bat bizpahiru egunez gerente lanean ibili dela diote langileek.

Zaharkitua gelditu da eta dirulaguntzak lortzeko berritu beharra

Bere garaian Zahar Etxe modernoenetakoa izan zen Elizondokoa, baina zaharkitua gelditu dela duite Langileen Batzordetik: “aulki gurpildun batzuk ez dira ateetatik sartzen eta batzutan ordu erdiz esperoan egon behar izaten dugu grua erabiltzeko”. Erresidentziaz egin diren azken bi txostenetan gauzak beltz jartzen zituzten, baina egoera kaxkarra ez dela oraingoa diote langileek. “Ongizate Departamentutik dirulaguntza gehiago lortzeko araudia bete beharko litzateke eta horretarako moldaketa handi bat egin. Bi pabilioi egokitu nahi dituzte, baina moldaketa lanak egin bitartean dirulaguntzetatik kanpo geldituko dira”. Etorkizunera begira, ez dute mobilizazioak egiteko aukera alde batera uzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun