Berako Mendi Itzuliaren ondotik, Baztanek hartuko du eskualdeko mendi ateraldien lekukoa. Maiatzaren 31n Baztango Mendi Martxa eginen da, aurten XVI. aldiz. Ibilaldia urtero dieferentea izaten da eta oraingo honetan, Zigan hasi eta akituko da. 34 kilometroko luzera eta 1.980 metroko desnibela duen itzulia egin beharko dute mendizaleek. Bataz bertzeko iraupena 8 ordukoa izanen dela iragarri dute Baztango Mendigoizaleak antolatzaileen elkartetik. Izen-ematea eta irteera Zigako frontoian izanen dira, baina, aipatu, Baztango Mendigoizaleen web orrian ere eman daitekeela aitzinetik izena (www.baztangomendigoizaleak. org). 10 euro ordaindu beharko dira. Ibilaldia 7:00etatik 7:30era abiatuko da. Izena ematean parte-hartzaile bakoitzari emanen zaion txartela kontrol guzietan erakutsi beharko da.
Aniz eta Berroetako lurretan
Zigako frontoitik abiatuz, hauek izanen dira ibilbidean igaroko diren lekurik aipagarrienak: Aniz, Berroeta, Santa Barbara, Mendiola (lehenbiziko kontrol puntua), Belate (bigarren kontrol puntua), Gartzagako Lepoa, Kanala (hirugarren kontrola) eta berriz Zigara itzuli beharko da. Bidean janari eta osasun zerbitzua eskainiz postuak egonen dira. Ez da sailkapenik egonen eta kontrol postuetatik finkatutako ordutegian pasatzen diren parte-hartzaileei diploma bana emanen zaie.