Martxoan ireki baldin bazen ere, maiatzaren 15ean egin zuten Elizondoko Merkatuzelai karrikan dagoen Haur Eskola berriaren inaugurazio ofiziala. Ekitaldian Carlos Perez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak parte hartu zuen. Departamentu honek ordaindu ditu lanak, 649.985 euro guzira. 72 haurrendako lekua izanen du Haur Eskola berriak, sei geletan banatuak. Horietatik 16 bularreko haurrei zuzendutako bi geletan egonen dira; 1-2 urte arteko haurrendako 24 leku izanen dira, bi geletan, eta 2-3 urte artekoendako bertze 32 leku, bi geletan. Jangela zerbitzua ere eskainiko da. Eraikin barnean erabiltzeko 771,60 metro koadro daude, 77,80 metro kuadroko aterpea eta 1.352,65 metro koadroko patioa. Orain arte haurtzaindegia eraikin zaharkitu batean zegoen, urtebete baino haur ttikiagoendako ez zen zerbitzurik eskaintzen eta 58 haurrendako lekua zuen. Cristina Goñi zuzendariaren erranetara, zazpi hezitzaile, bi garbitzaile eta jangelako hiru laguntzaile ari dira lanean. Udala izanen da Haur Eskolaren jabea eta oinarrizko ekipamendua erosteko, 107.751 euro hartuko ditu Gobernutik. 2008-2009 ikasturteko kudeaketa eta funtzionamendu gastuetarako, berriz, 119.916 euroko laguntza izanen du.