Batzar Nagusiaren aktak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira udatik aitzinera

TTIPI TTAPA 2009ko maiatzaren 29a

Hala baieztatu dio Virginia Aleman alkateak Ttipi-Ttapari

Orain arte gaztelania hutsez egin dira, baina uda honetatik aitzinera elebidunak izanen dira; Batzar Nagusiko aktak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira. Gaia apirilaren 1eko Batzar Nagusiaren bilkuran eztabaidatu zuten, eta Virginia Aleman alkateak ere hala baieztatu dio Ttipi-Ttapari. Gaineratu duenez, «kontent» dago erabaki horrekin. Idazkariak ez daki euskaraz, baina Alemanek adierazi digunez, «juridikoki formatua dagoen langilea badago Baztango administrazioan eta itzulpenak berak eginen ditu euskara teknikariaren laguntzarekin». Dagoeneko lehenbiziko pausoak ematen hasi dira eta apirilaren 1eko aktan, erraterako, zenbait pasarte euskaraz idatziak ageri dira.

Eztabaida Batzar Nagusian

Gaiak eztabaida sortu zuen apirilaren 1eko bilkuran. Peio Obregozo Iruritako alkateak batzarrean euskaraz egindako adierazpenak aktan euskaraz jasotzeko eskatu zuten. Idazkariak, ordea, euskaraz ez dakiela erantzun zion. Alkateak, bere aldetik, euskaraz zein gaztelaniaz bietara egiteko zein formula dagoen aztertzen ari zirela erantzun zion. UPNeko Leopoldo Jaenek, berriz, zera aipatu zuen: «itzultzailea izatea da metodorik egokiena, eta euskaraz hitz eginez gero, logikoena itzultzea da. Itzultzaile bat baldin bada bilkuran itzuli eta ados bagaude, onartu eginen dugu ala ez». Horren harira, Xotero Etxandi Arraiozko alkateak «arazo sakon bat» dagoela aipatu zuen: «batzuek ulertu behar dutena da Euskal Herrian gaudela, Baztanen, eta hemen itzulpenak ez dira gaztelaniara egin behar; edo hobeki erranda, itzulpena gaztelaniara egin behar da, egiten dena, eta ez euskarara, ez erdaldundu euskara aktetan. Batzar Nagusian eta bertze erakundeetan, bertako arduradunek euskaldunak izan beharko lukete, euskarak era normalizatu batean funtzionatuko beharko luke Baztanen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun