Frankismoan halabeharrez lanean aritu ziren presoak omendu dituzte Artesiagan

ttipi-ttapa 2009ko mai. 29a, 10:56

Artesiagan maiatzaren 16an Frankoren garaiko presoen omenez egindako ekitaldian ateratako argazkia. TTIPI TTAPA

Biharamunean, inauguratutako eskulturan eta Iruritako eliz atarian pintadak agertu ziren

Francoren diktadura garaian, Baztanen halabeharrez lanean aritu ziren presoak omendu zituzten maiatzaren 16an Iruritan, Udalak, Iruritako herriak, Geronimo de Uztariz Institutuak eta Memoriaren Bideak erakundeak antolatuta. Bertzeak bertze, Iruritatik Artesiagara doan bidea egitera behartu zituzten preso errepublikarrak eskualdean, 1939 eta 1941 urteen artean, eta horiek izan zituzten gogoan omenaldian. Denera, 1.756 preso baino gehiago aritu ziren lan horretan. Irurita-Artesiagako bidearen 13. kilometroan, Pitzamarren, eguerdian Mikel Iriarte arizkundarrak egindako Bidegabeko bidea eskultura inauguratu zuten. Garai hartan Artesiagan lanera behartu zituzten eta oraindik bizi diren hiru gizaseme ere ekitaldian izan ziren: Lesakako Justo Urkijo, Iruritako Pedro Aranguena Bixkai eta Ricard Mula, Oronozen fusilatutako errepublikar baten semea. Angel Galanen alabak ere ekitaldian izan ziren. Omenaldia berandu ailegatu bazaie ere, eskertzekoa dela aipatu zuten eta garai hartan sufritutakoen berri eman zuten.

Biharamonean pintadak

Ekitaldi hunkigarria izan zen, baina biharamunean Artesiagako eskultura kaltetua eta pintadekin agertu zen. Falange Baztanek sinatuta, Viva Cristo Rey, Irebazi giñun ta beti irebeziko eta gisako pintadak agertu ziren, baita zenbait baztandar mehatxatuz ere. Pitzamarren ez ezik, Iruritako eliz atarian ere pintadak agertu ziren, Espainiako Gerra Zibil garaian Francoren tropetan hil ziren baztandarrak gogoratuz. Arraiozen ere herritar bat mehatxatuz pintadak azaldu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun