Elizondoko Foruen Plaza berritzeko proposamenak Arizkunenenea Kultur Etxean daude ikusgai maiatzaren 11z geroztik. Plazaren itxuraberritzea lehentasuna zelakoan, Udalak ideien lehiaketa egitea erabaki zuen. Deialdian 44 proiektu aurkeztu ziren eta iragarri bezala, Udalak erakusgai paratu ditu baztandarren iritzia biltzeko. Erakusketa maiatzaren 30a bitarte egonen da zabalik, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara.
Herritarren botoa ere kontuan hartuko da
Proiektua aukeratzerakoan, Udalak herritarren iritzia kontuan hartuko du eta horretarako Baztanen erroldatuta dauden 16 urtez goitiko guztiek egitasmo baten aldeko botoa ematen ahal izanen dute. Hondarreko erabakia hartzerakoan, herritarren balorazioak %20ko balioa izanen du. Bertze %80a epaimahi batek deliberatuko du.
Elizondoko Abesbatza Erratzun
Elizondoko Abesbatzak kontzertua eskainiko du larunbat honetan, maiatzak 30, Erratzuko San Pedro Elizan, 19:30ean hasiko da. Abesbatza Isabel Lacar Abrilek zuzenduko du eta hainbat kolaborazio izanen dituzte, tartean Sergio Martinez pianoan.