Eztabaida haundia sortu du Elizondon eraiki nahi den komisaria berriak

ttipi-ttapa 2009ko mai. 28a, 11:39
Elizondoko batzarrak inoizko parte-hartzaileenak izaten ari dira TTIPI TTAPA

Kezka haundia eragin du Elizondoko Baztanberri auzoan 893 metro koadroko lursailean eraiki nahi den Foru Poliziaren komisaria berriak. Batez ere, auzotarren artean, eta dagoeneko 750etik goiti sinadura bildu dira proiektuaren kontra. Egitasmoaren kontra manifestaziorako deia ere egin dute ekainaren 13rako. Alde batean auzotarrak, proiektuaren aurka, eta bertze aldean, Nafarroako Gobernua eta Udala. Javier Caballero Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak eta Virginia Aleman Baztango alkateak komisaria eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten apirilaren 29an. Udalak dohainik utzi dio Gobernuari lur eremua eta honek gastu guztiak bere gain hartuko ditu. Nafarroa 2012 Planean dago jasoa egitasmoa eta obrak aurten hasi nahi dituzte. Barne Sailak milioi bat euro paratuko dituela aurreikusia dago: aurten 600.000 euro eta heldu den urtean gainerako 400.000 euroak.

Elizondon komisaria eraikitzeko prozesua 2006an hasi zen. Urte hartako abenduan adostu zuen Nafarroako Gobernuak, eta ondotik, 2007ko maiatzean gaur egun Santiago karrikan dagoen egoitza bat zabaldu zen. 2008ko udazkenean instalazio osagarriak ireki ziren karrika berean. Geroztik, Bortziriak, Leitzaldea, Malerreka, Bertizarana, Baztan eta Ultzamako 27 udalerritako 27.000 bizilagunez arduratzen dira. Baina orain, Santiago karrikako bi egoitzak elkartu eta lekualdatzeko asmoa dago. Nafarroa 2012 Planaren baitan, UPN eta PSN alderdiek Elizondon komisaria berria eraikitzeko milioi bat euroko aurrekontua adostu zuten, eta akordio hori aitzinera ateratzeko Udalera jo zuten: «Udalari ezaugarri urbanistikoak betetzen dituzten lur eremuen berri emateko galdetu zioten», dio Virginia Aleman alkateak. Eta horixe egin du Udalak, Baztanberri Plazako lur eremu bat proposatu. Apirilaren 29an Javier Caballero Barne kontseilariak eta alkateak elkarlan hitzarmena sinatu zuten. Komisaria berriak 30 urteko erabilpena izan dezake, baina alkatearen hitzetan, «noizbait partzela hori erabiltzen ez bada, lurra eta eraikina berriz ere Udalari bueltatzea biltzen du lagapen hitzarmenak».

Auzotarrak haserre

Etorkizuneko komisaria etxe atarian egon daitekeela jakiteak auzotarrak haserrarazi egin ditu. «Ezaugarri horiek dituen komisaria bat ez da auzotarrek eskatutako zerbait, eta Nafarroako Gobernuaren interesei baino ez die erantzuten». Horixe komisaria berria eraiki nahi den Elizondoko Baztanberri Plazako eta inguruko auzotarren iritzia. Ez dute komisariarik nahi etxe atarian, «ez delako eskatutako zerbitzu publikoa», eta proiektuari oposizioa egiteko eginahalak egiteko prest daude. Sinadura bilketa izan da abiatu duten ekimenetako bat, eta erantzun ona jaso du: astebetez 759 sinadura bildu zituzten eta maiatzaren 7an udaletxean aurkeztu zituzten. Oraindik ere gehiago biltzeko asmoa dute. Horrez gain, ekainaren 13rako manifestazioa deitu dute. Egin dituzten batzarreak ere inoizko parte-hartzaileenak izan dira, 100 lagunetik goiti biltzen dira. Euren desadostasuna adieraziz, Udalera, Nafarroako Gobernura, Parlamentuko alderdi guztietara, sindikatuetara eta Arartekoarengana ere jo dute. Hori baino lehen, epaitegietara jotzea ere pentsatu zuten, baina ekonomikoki garestiegia izanen zelakoan, bide hori baztertu zuten. Haserre daude Gobernuarekin eta Udalarekin (NaBai eta UPN), euren borondatearen gainetik komisaria «inposatu» nahi dutela pentsatzen dutelako. Gaia «arras sentibera» dela badaki Alemanek baina erran digunez, «momentu honetan hirigintzako baldintzak betetzen dituen bertze lur eremurik ez dago Elizondon». Komisaria eraiki nahi den eremua Baztanberri Plaza eta Braulio Iriarte auzoen artean dago, etxebizitzen tartean. Horrek auzotarren bizi kalitatea «jaitsiko lukeela» diote. «Gune berdea eta haur aunitz dabilen tokia» dela ere kritikatu dute, baita orain arte eduki duten lasaitasunarekin zer gertatuko den galdetu ere: «komisaria bat ez da edozein gauza, urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduz kontrola erran nahi du». Horrekin batera, Baztanen dagoeneko «polizia aunitz» dagoela ere nabarmendu dute: «Foru Poliziaren komisariaz gain, Guardia Zibilaren bi kuartel daude Elizondon, eta bana Oronoz-Mugairin eta Urdazubin. Azken honetan, Polizia Nazionalarena ere bai». Udalak lurra dohainik utzi izanak ere eragin du eztabaida. NaBai eta UPNren aldeko botoekin martxoaren 16ko udal bilkuran ahobatez erabaki zuen hori, 6/1990 Foru Legean oinarrituz. Horren arabera, bertzeak bertze, Udala ahobatez alde agertzen bada eta tokian tokiko intereserako denean egin daiteke doako lagapena. Baztango alkatearen hitzetan, «legearen araberako lagapena egin da, administrazio publikoen arteko kolaborazioaren baitan». «Udal zerbitzu juridikoek egindako aldeko txostenean oinarrituz, lur eremu horretan komisaria egin daiteke». Auzokoek, ordea, ez dute ulertzen «baztandar guztiona den lur dotazionala nola utzi duten dohainik helburu horretarako» eta legearen «gehiegizko interpretazioa» egin delakoan daude. «Barrideekin hitz egin gabe, gauzak isilpenean egin izana» ere leporatu diote Udalari. Baina alkateak zera aipatu digu, «martxoaren 16ko plenoan lagapena adostu zen, eta ondotik ez da alegaziorik aurkeztu. Apirilaren 6an udaletxean auzotarrek eskatutako informazioa eman zitzaien». Egun horretan, auzotarrek azaldu dutenez, «elkarlan akordioari eta proiektuaren zirriborroari buruz ere informazioa eskatu genuen, baina apirilaren 28an jaso genuen, Udalak eta Gobernuak akordioa sinatu zuten egunaren bezperan». Auzia bizi-bizi dago. Gobernuak aurten hasi nahi du komisaria eraikitzen, baina auzotarrak geldiarazteko asmoz daude. Xabi Torres Elizondoko alkateak ere, batzarrean bildutakoen izenean, eskaera argia luzatu die Udalari eta Gobernuari: «proiektua bertan behera uzteko beharrezkoak diren gestioak egin ditzatela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun