Maiatzaren 26an, astearte eguerdian Arizkunenean emandako prentsaurrean bi ekimen berri aurkeztu zituen Baztango Bertan merkatari, zerbitzu eta ostalaritza elkarteak. Hain zuzen, web-orri berria (www.bertanbaztan.com) eta 2010eko egutegiko argazkiak lortzeko baliagarria izanen den lehen argazki lehiaketa. Aurkezpen ekitaldian, Virginia Aleman alkatearekin batera Bertan elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak izan ziren, Mari Jose Alaña presidentea, Ana Goñi bokala eta Jaime Biguria idazkaria, bertzeak bertze.
Web-orri berria
Bertan elkarteko web-orri berriari dagokionez, hori eguneratzen joateko asmoa azaldu zuten, Baztanetik kanpora elkartea ezagutarazteko eta merkatuak irekitzeko aukera ematen baitu eta etorkizunean komertzio elektronikora eta produktuak on-line saltzera ere ailegatzen ahal da. Web-orrira bisitak bultzatzeko halako lehiaketatxo bat ere prestatu dute eta ekaineko lau asteetako bakoitzean akatsen bat sartuko dute web-orriko txokoren batean. Akatsa topatzen duenak info@bertanbaztan.com helbide elektronikora igorri eta astero, Bertan ellkarteko komertzioetan erosteko eginen den 50 euroko erosketa-balearen zozketan sartuko da.
Argazki lehiaketa
Bertan I. Argazki Lehiaketari dagokionez, 2010ean elkarteak aterako duen egutegirako argazkiak lortzea da helburu nagusia eta lehiaketa herrikoia egin nahi dute. Lanak ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira eta sari politak izanen dituzte hiru lehenbizikoek: 400, 200 eta 100 euro, Bertan elkarteko 75 komertzioetako edozeinetan erosketak egiteko. Epaimahaia Mena eta Zaldua argazki dendako kideek eta Baztanen argazkilaritzan adituak eta arituak diren Juan Mari Ondikol, Josu Inziarte eta Juan Lameirinhasek osatuko dute. Argazkiendako gaia Baztango natura izanen da, paisaiak, errekak, mendiak, basoak, animaliak eta landaredia… Argazkiak euskarri digital eta fisikoan aurkeztu beharko dira, gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz, eskura, astelehenetik ortziralera, goizeko 9:00etatik 14:00etara edo honako helbidera:
Bertan Elkartea – I. Argazki Lehiaketa
Arizkunenea Kultur Etxea
Jaime Urrutia 14 – 31700 ELIZONDO
Argazki guziak, web-orrian eta abuztuan eginen den Bertan Eguneko erakusketan ikusgai izanen dira.