Frankismoan Artesiagako errepidea bortxan egin zuten presoak omendu zituzten larunbatean Iruritan

ttipi-ttapa 2009ko mai. 18a, 16:10
Artesiagan bortxan lanean aritu behar izan zutenetako batzuk eta beraien senideak izan ziren larunbateko ekitaldian. Biharamonean, eskultura hondatua eta mehatxuz betetako pintadekin agertu zen. TTIPI

Biharamonean, inauguratutako eskulturan eta Iruritako elizatarian pintada faxistak agertu ziren

Francoren diktadura garaian, Baztanen halabeharrez lanean aritu ziren presoak omendu zituzten asteburu honetan Iruritan, Udalak, Iruritako herriak, Geronimo de Uztariz Institutuak eta Memoriaren Bideak erakundeak antolatuta. Bertzeak bertze, Iruritatik Artesiagara doan bidea egitera behartu zituzten preso errepublikarrak eskualdean, 1939 eta 1941 urteen artean, eta horiek izan zituzten gogoan omenaldian. Denera, 1.756 preso baino gehiago aritu ziren lan horretan. Irurita-Artesiagako bidearen 13. kilometroan, Pitzamarren, eguerdian Mikel Iriarte arizkundarrak egindako “Bidegabeko bidea” eskultura ezarri zuten. Garai hartan Artesiagan lanera behartu zituzten eta oraindik bizi diren hiru gizaseme ere ekitaldian izan ziren: Lesakan bizi den Justo Urkijo, Iruritako Pedro Aranguena “Bixkai” eta Ricard Mula, Oronozen fusilatutako errepublikar baten semea. Angel Galanen alabak ere ekitaldian izan ziren. Omenaldia berandu ailegatu bazaie ere, eskertzekoa dela aipatu zuten eta garai hartako sufrikarioen berri ere eman zuten.

Biharamonean pintada faxista mehatxugarriak

Ekitaldi hunkigarria izan zen, baina biharamonean Artesiagako eskultura kaltetua eta pintadez zikindua agertu zen. Falange Baztanek sinatuta, “Viva Cristo Rey”, “39an irebazi giñun ta beti irebeziko” eta gisako pintadak agertu ziren, baita zenbait baztandar mehatxatzen zituztenak ere. Oroigarria bandera espainiarraren koloreekin ere margotu zuten. Pitzamarren ez ezik, Iruritako elizatarian ere pintadak agertu ziren, Espainiako Gerra Zibil garaian Francoren tropetan izanik hil ziren baztandarrak gogoratuz eta Arraiozen ere herritar bat mehatxatu dute. Gogoratu behar da eskualdean ugaritu egin direla azken hilabeteetan gisa honetako pintadak, Amaiur, Doneztebe, Lesaka, Bera, Arantza eta Igantzin agertu baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun