Baztango Haur Eskola berria ofizialki inauguratu dute maiatzaren 15ean

ttipi-ttapa 2009ko mai. 15a, 15:53
Merkatuzelai karrikan kokatua dago Baztango Haur Eskola berria. TTIPI TTAPA

72 haurrendako lekua dauka eta martxotik lanean ari dira bertan

Joan den martxoan ireki baldin bazen ere, maiatzaren 15ean ortziral goizean egin dute Elizondoko Merkatuzelai karrikan dagoen Baztango Haur Eskola berriaren inaugurazio ofiziala eta ekitaldian izan da Carlos Perez-Nievas, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. Departamentu honek ordaindu ditu lanak, 649.985 euro guzira. 72 haurrendako lekua izanen dute Haur Eskola berriak, sei geletan banatuak. Horietatik 16, bularreko haurrei zuzendutako bi geletan eskainiko dira; 1-2 urte arteko haurrendako 24 leku izanen dira, bi geletan eta 2-3 urte artekoendako bertze 32 leku izanen dira, bi geletan. Jangela zerbitzua ere eskainiko da. Etxe barnean erabiltzeko moduko 771,60 metro koadro daude, 77,80 metro kuadroko aterpea eta 1.352,65 metro koadroko patioa.

72 haurrendako lekua

Orain arte haurtzaindegia eraikin zaharkitu batean zegoen, eta urtebete baino haur ttikiagoendako ez zen zerbitzurik eskaintzen. 58 haurrendako lekua izaten zuen eta eraikin berriari esker, orain 72 haurretara igoko da haur kopurua. Cristina Goñi zuzendariaren erranetara 7 hezitzaile, bi garbitzaile eta jangelako hiru laguntzaile ari dira lanean.

Baztango Udala da jabea

Baztango Udala izanen da haur eskola berriaren jabea eta oinarrizko ekipamendua erosteko, 107.751 euroko dirulaguntza hartuko du Nafarroako Gobernutik. 2008-2009 ikasturteko kudeaketa eta funtzionamendu gastuetarako, berriz, 119.916 euroko laguntza izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun