«Langileen batailoiak 1938an agertu ziren hemen eta lan aunitz egin zuten»

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 14a, 12:15
TTIPI TTAPA

• Gerra Zibila eta ondorena, ez ziren beharbada Euskal Herriko zenbait tokitan bezain gogorrak izan eskualdean, baina Iparraldearekin mugan egoteak toki estrategiko bihurtu zuen.
• 60 urte beranduago orduko ondorioak ikus ditzakegu gaur egun. Preso errepublikarrek, bertzeak bertze, Artesiaga eta Aritxulegiko bideak egin zituzten Gerraostean. Hain zuzen, Artesiagako bidea egin zutenei omenaldia eskainiko diete larunbatean.
• Gaiari buruz mintzatu zaigu Iker Frias historialaria (Elizondo).

Nola joan zen Gerra Zibila eta gerraostea inguru hauetan?
Gerra Zibilari dagokionez, gerra hasierako lehen hilabeteak izan ziren gogorrenak. Izan ere, Gipuzkoako mugan frontea eratu zen, eta frontea Gipuzkoa barnerantz joan arte, eskualdeak gerraren ondorio larrienak zuzenean pairatu zituen: soldaduen presentzia itogarria, soldaduei jana eman beharra, animalien lapurretak... Gero, ordea, lasaiago egon zen eskualdea, baina gerrak iraun zituen hiru urteetan hainbat gazte Francoren alde borrokatzera bidali zituzten, eta batzuk ez ziren inoiz bueltatu. Gerraostean, Gerra Zibilaren hasieran bizitako antzeko egoera bizi izan zen gure herrietan. Berriz ere, soldadu anitz kokatu zituzten eskualdean, eta muga zaindu eta gotortzeari ekin zioten. Izan ere, Franco beldur zen aliatuak espainiar estatuan sartu eta bere diktadura botako zutela. Horretarako, errepublikar presoz osatutako langile batailoiak ekarri zituzten, eta muga aldean gotortze lanak, kuartelak eta errepideak egin zituzten.
Zeinen alde agertu ziren herritarrak?
Gehiengoak Francoren alde egin zuten hemen. Eliza eta karlistak Francoren alde atera zirenez, herritarrek ere bide beretik jo zuten. Halere, izan ziren salbuespenak, eta ezkertiar eta abertzale dezentek ihes egin zuten, eta errepublikarren eremuan sartzea lortu zuten, frankisten aurka borrokatzeko.
Gerra Zibilak zenbat hildako utzi zituen?
Ez dago jakiterik. Baina errepresioari dagokionez, Nafarroako bertze toki batzuekin konparatuta, oso jende gutxi erail zuten pikete faxistek eskualdean. Baztanen, adibidez, 10 hildako utzi zituen errepresioak gerrako urte haietan. Bertzetik, pertsona gehiago hil ziren frontean, borrokan.
Eta zenbat iheslari?
Kopuru zehatza ez da jakiten ahal. Baina testigantzek diotenez, jende askok ihes egin zuen Iparraldera. Batzuek arrazoi politikoengatik alde egin zuten, eta bertzeek frontera ez joateagatik.
Gaur egun ikus ditzakegun orduko ondorioak zein dira?
Frankisten kartzelak errepublikar atxilotuekin beteta zeudenez, atxilotuekin lan-batailoiak sortu zituzten. Langileen batailoiak 1938an agertu ziren eskualdean, eta hainbat lan egin zituzten: hala nola, errepideak (Artesiaga eta Aritxulegikoa), bunkerrak, lur azpiko gotorlekuak eta kuartelak. Presoak Asturias, Kantabria, Bizkaia eta Gipuzkoakoak ziren gehienbat. Orotara, bortz batailoi ibili ziren gure eskualdean, eta ezin da jakin zenbat preso egon ziren denetara. Baztango Udalean dagoen zerrenda batek 1.056 preso errepublikarren izen-abizenak biltzen ditu.
Hemengo jendeak nola erantzun zuen?
Jendeak orokorrean ongi hartu zituen presoak, eta ahal zuen moduan lagundu zieten. Batez ere, janaria eman edota arropa garbitzen. Kontuan hartu behar da, herritarrentzat ere urte zailak zirela eta janari gutxi zutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun