Lekarozko kaputxinoen kolegioan etorkizunean zein proiektu eginen den oraindik ez dago erabakia, baina bizpahiru urte barru jarduera eremu berria martxan egonen dela adierazi du Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Apiril hondarrean PSNk egindako galderari erantzunez eman zituen azalpenak Mirandak Parlamentuan.
Martxoan Lekarozko Ikasle Ohien Elkarteak, Udalak eta Nafarroako Gobernuak akordioa sinatu zuten egoitzaren etorkizuna erabakitzeko. Apirilaren 6an, berriz, proiektua nondik jo jakiteko SPRIN erakundea kontratatzeko erabakia hartu zuen Kolegioaren inguruan eratutako batzordeak. Ideien lehiaketa egin eta egokiena dena egitea izanen da hemendik aitzinerako pausoa.