Irratia Eskolan Europako Eguna ospatuko da asteartean, maiatzaren 5ean. Iruñeko Irratiafizionatu Elkarteak (URP) ekitaldi honetan parte hartuko du eta bi irrati emisora ezarriko ditu Iruñeko Amigó ikastetxean eta Lekarozko Institutuan. Honela, ikasleek zuzenean irratiafizionatuen mundua ezagutzeko modua izanen dute, mikrofonoen bitartez mezuak igorriz eta irrati bidezko kontatuak eginez parte hartzen duten ikastetxeekin edo Espainiako eta munduko bertze txokoetako irratiafizionatuekin.
Irratiaren mundua ezagutzera eman
Iruñeko Irratiafizionatu Elkarteko idazkaria den Juan Mari Telletxea iturendarrak aipatu digunez, joan den urtean ere harrera ona izan zuen ekimen honek eta Europa osoko estazioak agurtu ahal izan zituzten, baita Errusia edo Estatu Batuak bezain urrunekoak ere. Eskoletako ikasleei irratiaren mundua ezagutzera eman nahi zaie ekimen honekin eta kultura eta herrialde ezberdinak, mugarik ezagutzen ez duten irrati-uhinen bidez konektatzeko aukera ematen dute. Partehartzaileek URPren diploma ere jasoko dute.
Asteartean, 12:00etatik 15:00etara
Zehazki, maiatzaren 5ean, 12:00etatik 15:00etara izanen dute Lekarozko ikasleek irrati munduan trebatzeko aukera. Aitzinetik, astelehenean, maiatzaren 4an, 11:00etatik 13:00etara irratiafizioari buruzko jakingarriak emanen dituzte, solasaldi bateko eta ikusentzunekoarekin. Iruñeko Irratiafizionatu Elkarteak berak emanen ditu beharrezko jakingarriak eta tresnak ere ikasleen eskura utziko ditu, aukera eder hau balia dezaten. Juan Mari Telletxeak aipatu diguez, gure inguruan 25 bat lagun aritzen dira irratiafizionatu gisara eta berak aipatu digunez, “telefonoa baina aunitzez ziurragoa eta azkarragoa da irrati frekuentzia”. Horren erakusgarri, “Italiako azken lurrikaran, telefono guziak blokeatu zirenez, irratiafizionatuen bidez lortu zen larrialdiei aurre egitea”.