Nafarroako Gobernuak ematen dituen dirulaguntzak %96an murriztu dela eta, diru iturri berriak bilatzeko bidean zozketa handi bat eginen du Xorroxin Irratiak uztailaren 26an, Elizondoko Santiago bestetan. Behikaka.com izena jarri diote ekimenari eta bertze zenbait lekuetan egin den bezalaxe, behien kakak erabakiko du sariduna. Kasu honetan, hiru behi sartuko dira Xorroxinen egoitzaren parean dagoen belagian. Belagia metro erdi luze-zabal izanen duten 4.000 laukitxoetan banatuko da, guzira 50 lerro eta 80 zutabe osatuz eta laukitxo horiek salgai jarriko dira, 5 euro balioko duten boletoen bidez.
Hiru sari bikain
Hiru behi sartuko dira belagian. Lehenbizikoaren kakak hirugarren saria emanen du: Zumaiako Karakas landetxean bi lagunendako asteburuko egonaldia; Zumaiako Talasozelai talasoterapia gunean zirkuito bat hamar lagunendako eta Basakaitz esneki lotea. Bigarren behiak bigarren saria erabakiko du: Izabako Txapatera landetxean 6 lagunendako asteburuko egonaldia; Arabako Murua herriko Gorbeia landetxean bi lagunendako asteburuko egonaldia, Aizarozko ostatuan bi lagunendako afaria eta Lurlan produktu lotea. Eta hirugarren behiaren kakak lehen sari bikaina banatuko du: Enkarterrietako Amalurra hotelean astebeteko egonaldia bi lagunendako; Castillo de Gorraiz hotelean bi lagunendako afaria, spa eta gaua, Arzak jatetxean afaria bi lagunendako eta Aroa ardo lotea.
Epaile eta guzi
Fernando Anbustegi, Xorroxin Irratiko esatariak jakinarazi duenez, “behiak kaka egiten duen laukitxoaren jabea izanen da sariaren irabazlea, baina dudak ere sor daitezke, ze laukitxotan egin du kaka, non hasi eta bukatzen den… guztiak argitzeko arauak idatzita daude eta hiru epaile arduratuko dira epaia emateaz. Eta kaka egiten ez badu? Hori ere arauetan ageri da”. Dirua biltzea da zozketa honen helburuetako bat, baina Xorroxingo langileek argi utzi dute ez dela hori bakarrik izanen: “Uztailaren 26an besta ttiki baten moduan planteatuko dugu zozketa, musika, zuzeneko irratsaioa, bertsolariak, jokaldi hoberenen komentarioak… izanen ditugu, eta tragoxkaren bat hartzeko ostatua ere”.
Kamisetak eta behikaka.com web orria
Xorroxinek kamisetak ere atera ditu, espreski zozketa berexi honetarako, irratian berean eta bertze hainbat puntutan salgai izanen direnak, haur eta helduendako. Irratiko kideek aipatu dutenez, ez da zozketa puntuala izanen, “ez dugu aurten bakarrik egiteko intentzioa, urtero egiteko asmoa dugu”. Zozketa honen inguruko informazio osotua laister Internet-en paratuko dute, www.behikaka.com helbidean.
Eskerrak
Xorroxin Irratiko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiote Lore, Zagua eta Erdiz behiei, ideia izan duen Xabi Ballarenari, behiak zaindu, ekarri eta «erreginen moduan zainduko dituen» Jokin Ramirez-i, Dani Fano marrazkilariari eta belagia utziko dien Fermin Arrasateri, baita saria posible egin duten komertzioei eta 28 urte hauetan, publizitatearen bitartez lagundu duten hainbat komertzioei. Fermin Gartxitorenak aipatu duenez, "oraingoan kanpora jo dugu sari eske, hemengo dendak, landetxeak eta bertzelako komertzioak estu dabiltzala eta hainbatetan beraiengana jo dugula kontuan hartuz. Baina eskerrak eman nahi dizkiegu urteotan eman diguten babesarengatik".