Baztango Ordenantzei buruzko jardunaldiak eginen dira Jorge Oteiza Museoan

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 22a

Museoaren Lagunen Elkarteak antolatu ditu eta lehen solasaldia ortzegunean eskainiko du Pedro Maria Esartek

Baztango Ordenantzak izanen dituzte aztergai Jorge Oteiza Museoaren Lagunen Elkartearen ekimenez eginen diren jardunaldiek. Hiru saio eginen dira guztira, ortzegunetik aitzinera, Elizondoko Jorge Oteiza Museo Etnografikoan.

Lehen solasaldia apirilaren 23an

Apirilaren 23an, ortzegunean, “Baztango Ordenantzak atzo eta gaur” hitzaldia eskainiko du Pedro Maria Esartek. Heldu den asteazkenean, apirilak 29, “Ordenantzak: esperientzia eta helburuak” gaiari buruzko mahai-ingurua eginen dute bertzeak bertze, Luis Roldan, Jose Mari Ursuegi eta Juan Mari Alemanek. Azken hitzaldia, berriz, maiatzaren 6an, asteazkenarekin, eginen da. “Ordenantzak: historia, legeak eta egokiera” izanen ditu hizpide Tomas Urzainkik bere hitzaldian. Aitzinekoak bezala, hau ere 19:00etan hasiko da.

Amaiurko Gazteluaz bertze liburua

Bertzalde, aipatu, “Amaiurko Gaztelua Nafarroako Historian zehar” izeneko liburua aurkeztuko duela laster Iñaki Sagredok, Jorge Oteiza Museoaren Lagunen Elkarteak gonbidatuta. Liburua gazteleraz egina da eta martxoan argitaratu zuen Sagredok. Nafarroako Erresumaren konkistari buruzko bertzelako ikuspuntu bat kontatzen da liburuan, 1522ko Amaiurko gudan oinarrituz. Erran denez, Amaiurko gazteluaren historiari buruz inoiz idatzi den lanik osatuena da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun